Hainbat hitzaldi antolatu ditu Kontseilu Sozialistak datozen asteetarako

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 9a, 13:53

Abenduaren 17an hitzaldia izango da Zumaian.  "Grebaren bilakaera eta ikuskera langile mugimenduaren historian" izango dute hizpide.

Gizarte eredu komunistaranzko pausoak emateko xedearekin sortu ziren Kontseilu Sozialistak, eta urte honen hasieran aurkeztu zuten Urola Kostakoa. Bizi esparru guztietan "langileriak lanabes politiko propioak sortzeko" eta haien "kontrako oldarraldiari aurre egiteko" lanean dihardute.

Jardun horren barruan, "langileriaren babesgabetasun ekonomikoaz zein politikoaz" hausnartzeko eta "horri aurre egiteko borroka eta antolaketa formez" aritzeko asmoz, hainbat hitzaldi antolatu ditu Urola Kostako Kontseilu Sozialistak datozen asteetarako, Zarautzen zein Zumaian. Langile antolakuntzaz, babesgabetasunari aurre egin izenburupean antolatu dituzte jardunaldiak.

Ostiral honetan, azaroaren 12an, izango da lehen hitzaldia Zarauzko Gaztelekuan, 18:00etan. Ohiko sindikalgintza eta autodefentsa laborala izango dituzte hizpide eta, ondoren, luntx girotua egongo dela iragarri dute. Zarauzko bigarren hitzordua abenduaren 10ean jarri dute, Borroka ekonomikoen zentzu politikoaz hausnartzeko. Hitzaldi hori Putzuzulo gaztetxean izango da, 18:00etan. Ondoren, luntxa eta ikuskizuna izango dira.

Hitzaldi sorta beraren barruan, abenduaren 17an Zumaian izango da beste saio bat. Grebaren bilakaera eta ikuskera langile mugimenduaren historian izenburupean, film labur bat proiektatuko dute eta ondoren hitzaldia izango da. 18:00etan elkartuko dira Hogarrean, eta luntxa egongo da ondoren.