'edo ESO' erakusketaren interpretazio ekitaldia egingo da ostiralean Oxforden

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 9a, 10:47

Alondegiko Oxford aretoan ikusgai dagoen edo ESO erakusketa interpretatzeko ekitaldia egingo da datorren ostiralean, hilaren 12an. Idoia Monton artistak eta Andere Etxegarai erakusketaren arduradunak gidatuko dute saioa, 18:30etik aurrera. 

Idoia Monton, Itziar Markiegi eta Clara Elizondo artisten edo ESO erakusketa bisitatu daiteke azaroaren 21era arte Alondegiko Oxford aretoan. Margoak, marrazkiak, oihalak... askotariko material eta estiloekin sortutako lanek osatzen dute edo ESO erakusketa. 

Erakusketa honen azalpenak emango dituzte Monton berak eta erakusketaren arduradun Andere Etxegaraik datorren ostiralean, hilaren 12an, Alondegian. Saioa 18:30ean hasiko da. "Topaketa informala izango da, hau da, hurbiltzen diren pertsona guztiek modu librean hitz egin eta beren iritziak partekatu ahal izango dute. Interpretazioak, ikuspuntuak eta ideiak trukatzeko balioko digun topaketa lasaia" izango dela azaldu du Etxegaraik. 

Harriak programaren barruan sartzen da jarduera hau. Programa horren helburua da arte garaikidea herri txikiagoetara hurbiltzea eta hirietako erdiguneetako erakusketak deszentralizatzea. edo ESOren interpretazio librea aukera bat da arte garaikideko erakusketari buruz hitz egiteko hurbiltzen diren guztiekin.