Aldaketak txertatuko dituzte eskola kirolean, haurrak baloreetan hezteko helburuarekin

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 8a, 09:00

Eskola kirolaren 2021-2022 ikasturtea berrikuntzekin dator. Haurrek urte osorako emango dute izena, eta kirol mota desberdinak probatzeko aukera izango dute. Horren helburua baloreetan hezitzea dela azaldu du udalak. 

Kirolaren bidez haurrak balio hezitzaileetan hezteko helburu nagusiarekin, Eskola Kirolen batzordeak aldaketa batzuk txertatu ditu 2021-2022 ikasturteko eskola kirolean. Hala, aurten urte osoko izen ematea izango duela, eta orokorragoa izango dela azaldu du Zumaiako Udalak. 

Aldaketa hauetako bat da haurrek ez dituztela kirolak aukeratu beharko, eta horren ordez kirol asko probatzeko aukera izango dutela. Bestalde, emaitzari ere garrantzia kenduko diotela azaldu dute, "lehia bestelako moduan ulertzen eta praktikatzen hasteko".

Udalak esandakoaren arabera, aste barruan entrenamendu moduko saio orokorrak egingo dituzte -ez kirol konkretu bati lotutako entrenamenduak-, jolas eta ariketa fisiko desberdinen bidez. Asteburuetan, berriz, topaketak egingo dituzte eta kirol desberdinak probauko dituzte: mendizaletasuna, txirrindularitza, tenisa, piragua, pilota, jolas tradizionalak, igeriketa, patinak edota herri kirolak, besteak beste. Gainera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretuan zehazten denari jarraiki, kirol eskoletan izena emateko (futbol edo eskubaloi eskoletan, adibidez), haurrek nahitaez parte hartu beharko dute eskola kirolean. "Modu honetan haurrak balio eta gaitasun ugaritan heztea da helburua".

Pandemia dela medio, gela eta maila kontutan hartuta antolatuko dituzte taldeak. Eskola txikietako haurrak izan dira kaltetuenak, ezingo baitute Herri Eskolako haurrekin egin. Dena den, zailtasunak zailtasun, Oikian talde bat osatzea lortu dute eta han bertan egingo dute eskola kirola.

Hausnarketa prozesua

Eskola kirolean txertatutako aldaketa hauek azken urteotan egindako hausnarketa prozesua da. Zumaiako, Zestoako, Arroa Beheko, Aizarnako eta Aizarnazabalgo ikastetxeetako zuzendariek, guraso elkarteetako kideek, udal ordezkariek, eskola kiroleko koordinatzaile zein entrenatzaileek eta haurrek eskola kirola berpentsatzeko prozesua ekin zuten pasa den martxoan. Galdetegi bat jarri zuten martxan, eta 660 erantzun aztertu zituztela azaldu du udalak. Horiek aztertuta, ondorio batzuetara heldu ziren: ikuspegi hezitzailea indartu behar zela, kirol modalitateak zabaldu nahi zirela, lehiari garrantzia kendu nahi zitzaiola eta monitoreen formazioa indartu nahi zela, besteak beste.

Era berean, beste zenbait helburu ere zehaztu dituzte: "haurraren garapen integrala bultzatu, baloreetan hezi (errespetua, elkarlana, ardura, ahalegina, konpromisoa, enpatia, laguntasuna, kooperazioa, gatazken konponketa eta eskuzabaltasuna), neska eta mutilen arteko parekidetasuna bultzatu, euskararen erabilera sustatu, gaitasun guztiak errespetatu, kirol ohitura osasungarriak barneratu, lehiakortasuna modu hezigarri batean kudeatu eta hezkuntza komunitatearen eragileen arteko komunikazioa indartu nahi dute Eskola Kirolen batzordea osatzen duten eragileek".