Iosu Salegik eta Aitor Aizpuruak irabazi dute Zumaiako 22. esku pilota txapelketa herrikoia

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 6a, 15:49

Zumaiako 22. esku pilota txapelketa herrikoiko azken partidak jokatu ziren atzo Odieta frontoian. Egun argiz hasi ziren partidak jokatzen, eta gauak herria hartu zuenean amaitu zuten. 

2021eko esku pilota txapelketa herrikoiak baditu irabazleak. Iosu Salegik eta Aitor Aizpuruak osatutako bkotea da aurtengo txapelketako irabazlea, finalean Aitzol Olideni eta Peio Etxaberi 22 eta 11 emaitzarekin irabazi ondoren. Hasiera berdindua izan zuen partidak, baina 10-8 emaitzaren ondoren, hamar tanto jarraian egin zituzten Aizpuruak eta Salegik (20-8). Oliden eta Etxabe saiatu ziren markagailua itxuratzen, hitu tanto jarraian egin zituzten (20-11), baina hortxe amaitu zitzaien gasa: txapeldunek azken bi tantoak igo zituzten markagailura (22-11).

Aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Ander Odriozolak eta Joseba Martijak, Imanol Oiartzabal eta Kimetz Etxaberen aurka. Partida oso lehiatua izan, berdinketa ugarirekin. Partidako une batzuetan aldea ez zen tanto bat edo bitik igarotzen. 17-13rekin aldea zabaldu zuten Odriozolak eta Martijak. Hori izan zen une erabakigarria. 21-15 galtzen zeudela, hiru tanto gehiago egin zituzten Oiartzabalek eta Etxabek, baina azkenekoa, 22.a Odriozola eta Martijaren aldekoa izan zen.