Lau urteko kontratua sinatu du Kauldi Odriozolak HBC Nantes taldearekin

Gorka Zabaleta 2021ko aza. 6a, 11:39
Horrela aurkeztu dute Kauldi Odriozolaren fitxaketa HBC Nantesen webgunean.

Frantziako taldeak gaur jakinarazi du ofizialki Kauldi Odriozola fitxatu duela 2026ra arte. Europako talde indartsuenetakoa da HBC Nantes: Txapeldunen Ligako azken lauko finala jokatu zuen. Bere kirol ibilbidean beste mugarri bat dela adierazi du jokalariak.

HBC Nanteseko presidente Gaël Pelletierrek azpimarratu du Kauldi Odriozola ez dela etorkizuneko apustu bat: "24 urte izan arren, Europan bere maila erakutsi duen jokalaria da, urteak daramatza partida bikainak jokatzen. Lau urteko kontratua sinatu dugu eta taldearen epe luzeko proiektuaren parte izango da. Oso pozik gaude gurekin izango delako 2022ko ekainetik aurrera". Egun Bidasoako jokalaria da.

Odriozolak berak ere lehen adierazpenak egin ditu HBC Nantesek argitaratutako oharrean. Zumaiarra oso pozik agertu da, HBC Nantes talde handia delako: "Urrats hau mugarri bat izan daiteke nire kirol ibilbidean, eta esperientzia berri hau bizitzeko irrikaz nago. Lehia gustatzen zait eta nire onena emateko ahalegin guztiak egingo ditut. HBC Nantesen elastikoa jantzi eta zaleak ezagutzeko gogotsu nago".

Goi mailako taldea

HBC Nantes Europako talde indartsuenetakoa da. Azken Txapeldunen Ligan lauko finala jokatu zuten (finalaurrekoa galdu zuten Bartzelonaren aurka) eta epe luzeko proiektu sendoa du, Alberto Entrerrios entrenatzailearen agindupean.

Kauldi Odriozolak Bidasoan osatu duen bidea ez da nolanahikoa izan. 2016an Pulpo utzi eta Bidasoarekin sinatu zuenetik, Europako hainbat talderen agendan egon da zumaiarra, lehen unetik nabarmendu baitzen eskuin hegalean.

Lehen denboraldian 105 gol egin zituen 26 partidatan eta Asobaleko jokalari gazte onena izendatu zuten. 2017-2018 eta 2018-2019 denboraldietan, txapelketako eskuin hegaleko onena izendatu zuten; eta Txapeldunen Ligan, 48 gol egin zituen 2019-2020 denboraldian. Espainiako selekzioarekin, Europako eta Munduk txapeldun izan zen gazte mailan, eta Espainiako selekzio nagusiarekin 67 gol sartu ditu 19 partidatan –2017an egin zuen debuta–.