Genero indarkeriaren aurkako Estatu ituneko funtsekin ekintzak adosteko borondatea erakutsi du Zumaiako PSE-EEk

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 2a, 15:57

Zumaiako Udalak genero indarkeriaren aurkako Estatu itunetik 11.000 euro jasoko dituela iragarri du PSE-EEren udal taldeak. Udal gobernuarekin batera ekintzak adosteko borondatea duela iragarri du Arritxu Marañon sozialisten bozeramaileak.

Alderdi sozialistak ohar baten bidez adierazi duenez, Zumaiako Udalak 11.726,31 euro jasoko ditu indarkeria matxistaren aurkako proiektuak finantzatzeko, Genero Indarkeriaren aurkako itunak jasotzen dituen funtsen kontura. Urola Kosta eskualdeko beste herriek ere jasoko dituzte funtseko kopuruak. Hala nola, Aiak, 4.759,76 euro; Oriok, 8.256,84 euro; Getariak, 5.413,09 euro; eta Zarautzek, 23.160,88 euro.

Zumaiako PSE-EErentzako "albiste ona" da, eta udal gobernuarekin elkarlanean aritu nahi duela gaineratu du, "funtsak bideratzeko, ekintza adostuen bidez biktimen egoerari aurre egiteko eta indarkeria matxistaren aurrean herritarren sentsibilizazioa sustatzeko". 

Arritxu Marañon sozialisten bozeramailearen arabera, "ezinbestekoa da genero-indarkeriaren aurkako borrokak baliabide ekonomikoak izatea". Era berean, esan du garrantzitsua dela funtsak udalei bideratzea, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak baitira; hots, genero-indarkeriaren biktima lehen ikusten eta atzematen dutenak.

Funts horien kargura finantzatutako programek 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko gauzatze-aldia hartuko dute.