'Agurra' antzezlanerako sarrerak zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean

Baleike 2021ko aza. 2a, 09:28

Vidania Teatro antzerki konpainiak Agurra antzezlana ekarriko du datorren ostiralean, hilaren 5en, Zumaiara. Saioa 20:00etan hasiko da Aita Mari aretoan. Udaleko Kultura Sailak hiru sarrera bikoitz eman dizkigu Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko. 

Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi dira antzezlan honetako aktoreak. “Maitasuna eta gorrotoari buruzko obra da Agurra, barrengo arrangura eta damuari buruzkoa. Iragan berari lotuta dauden bi gizon bakartien istorioa". Aita izango dela jakin duen semea, buruko gaixotasuna duela jakin duen aitarengana doa kontu eske, ahanzturan erori aurretik, boxeo borroka bat egiteko prest. Kolpeek, urteetan isildutako minak eta beldurrak azaleratuko dituzte. Gizon “ahularen” eta gizon “indartsuaren” arteko aurrez aurreko honetan, asko dago jokoan. Semeak dena irabazteko dauka, aitak aldiz, dena galtzeko.

Zozketan parte hartzeko aukera hemen dago. Saridunen izenak bihar eguerdian aterako ditugu.