Urola Kostako Mintzalagun ikasturtearen hasiera-ekitaldia Zumaian egingo da, azaroaren 11n

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 28a, 15:07

Urola Kostako Mintzalagun ikasturtea aurkezteko ekitaldia egingo da azaroaren 11n Zumaian, San Telmo ermitan. Esti Curiel aktore zumaiarrak Rosi, ni antzezlana talauratuko du. Derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea.

Mintzalagun Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu astean ordubetez euskaraz hitz egin dezaten. 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko, ekitaldia prestatu dute. Zumaian egingo da ekitaldi hori, San Telmo ermitan, hain zuzen, azaroaren 11n, 18:30etik aurrera.

Hasiera emateko ekitaldi berezia prestatu dute, eta Esti Curiel aktore zumaiarrak Rosi, ni izeneko antzezlana erakutsiko du. Rosi noraezean ibili da urteetan. Azkenik aurkitu du bere tokia, mendian, ardiekin, artzain. Baina zerk eraman du horra? Zein izan da Rosi orain arte? Zenbat bizitza behar izan ditu bere tokia aurkitzeko?

Ekitaldira joateko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea, urolakosta@aek.eus helbidera idatzita, edo 625 48 52 15 telefono zenbakira deituta. Izena emateko epea azaroaren 8an amaituko da.