Egutera sortu dute, Zumaiako energia sorkuntza eta kontsumorako kooperatiba

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 26a, 18:15
Gernika parkean aurkeztu dute proiektua, gaur arratsaldean. (Zumaiako Udala)

Gaur aurkeztu dute proiektua haren sustatzaile diren Zumaiako Udalak eta Ekiolak, hainbat herritarrekin batera. Oikiako Siemens lantegiaren atzeko lursailean 1,2 hektareako eguzki panel planta sortuko du kooperatibak.

Zumaiako energia sorkuntza eta kontsumorako Egutera kooperatiba aurkeztu dute. Egitasmoaren sustatzaile diren Zumaiako Udalak eta Ekiolak –Mondragon Taldeak eta Euskadiko Energia Erakundeak osatua– herritarrekin batera agerraldia egin dute gaur arratsaldean Gernika parkean. Bertan izan dira Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria, Elene Santamaria Krean taldeko Ekiola proiektuen arduradun juridikoa, Hodei Arzak Ekiola Kooperatibak taldeko kontseilaria, Ainhoa Illarramendi EAJ udal taldeko bozeramailea, Arritxu Marañon PSE-EE udal taldeko bozeramailea, eta Lore Uranga, Xabier Ureta eta Iñaki Osa herritarrak. 

Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, hasteko eta behin, 1,2 hektareako eguzki panel planta bat sortuko du kooperatibak Oikiako Siemens lantegiaren atzeko lursailean. Ostolazak azaldu du Eguteraren helburua dela zumaiarrei herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko aukera ematea. Haren hitzetan, zumaiarren artean gero eta zabalduago dago energia eredua aldatzeko beharraren kontzientzia, baina hori ekintzetara eramateko bitartekoak behar dira, eta horretarako balioko du proiektuak. Zumaiako Udalak 60.000 euroko dirulaguntza emango dio Ekiolari, lursailaren 25 urteko alokairuaren baliokidea. 

Eguzki panel horietatik sortzen den energia beraien ohiko energia kontsumora bideratzeko, Eguterako bazkide egin beharko dute zumaiarrek. Santamariak azaldu du planta urtebetean martxan egon dadin, 400-500 bazkide inguru beharko direla. Datozen hilabeteetan jakinaraziko dituzte bazkide egiteko xehetasunak, Europako dirulaguntzei lotuta daudelako, eta horien arabera bazkidetzaren prezioa ezberdina izango delako. 

Trantsizio energetikorantz

Alex Oliden Tokiko Garapeneko zinegotziak azaldu du trantsizio energetikoa bide luze bat dela, eta Egutera bide horren lehen pausoa izatea nahi lukeela. Bestelako energia ohitura eta ereduak Zumaian sustraitzen joan daitezen, proiektu honen atzetik pauso gehiago eman beharko dira, Olidenen arabera. Energia Burujabetzarako Batzordea izango da horietako bat, eta horren barruan, herriguneko teilatuak energia sorkuntzarako baliatzea izan daitekeela azaldu du. 

Ansola Ekiolaren garrantziaz aritu da: "Herritarren parte hartzeari bide ematen dio, eta udalerriko energia ikuskeran eragingo du, herritarrak autokudeaketa kooperatiboaren ereduan murgilduz energia berriztagarria tokian sortuz".

Bazkidetza

Proiektuan interesa duten herritar, komertzio, ostalaritza eta zerbitzu jarduerak aurrez galdetegia betetzera animatu dituzte. Udalak azaldu du interesa duten herritar horiei informazio zehatza emango zaiela, bazkide egin nahi duten edo ez erabaki dezaten. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edo online bete daiteke galdetegia. 

Kooperatiban parte hartzeko, inbertsio bat egin beharko dute herritarrek. Instalazioa osatuko duten panelen erosketa finantzatuko dute horrela. Aurreikusitakoaren arabera, gutxienez, 25 urteko funtzionamendua izango du plantak. 

Merkatuko prezio historikoa 30-40 euro/MWh ingurukoa izatea aurreikusi dute. Gainera, azaldu dute hileroko fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat itzuliko zaiela bazkideei. 

Olidenen hitzetan, herritar eta komertzioek izango dute hasieran bazkide egiteko aukera. Etorkizunean herriko enpresei eta bailarako gainerako udal eta herritarrei ere zabalduko diete. Hala eta guztiz, bazkideek izango dute Eguteraren etorkizuneko norbaidea, Olidenen arabera: "Kooperatiba irekia eta dinamikoa izango da, eta bazkideek izango dute erabakiguneetan gehiengoa".