Kultura teknikari laguntzaile bat eta administrazio orokorrerako teknikari bat kontratatuko ditu Zumaiako Udalak

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 24a, 13:00

Hautaketa prozesuko izen emateak Lanbideren bidez egin beharko dira, eta merituen egiaztagiriak udalean aurkeztu beharko dira. Urriaren 25etik azaroaren 8ra bitartean egongo da epea zabalik.

Zumaiako Udalak bi udal langile kontratatuko ditu: kultura teknikari laguntzaile bat eta administrazio orokorrerako teknikari bat. Bi prozesuak lehiaketa bidez egingo dira, eta horretarako, hautagaien merituak hartuko dira kontutan. Izen ematea Lanbideren bidez egin beharko da, eta epe berdinean merituen egiaztagiriak aurkeztuko beharko dira udalean, zehazki, Herritarren Arreta Zerbitzuan edo egoitza elektronikoan. Hautaketa prozesuan izena emateko epea urriaren 25etik azaroaren 8ra egongo da zabalik.

Kultura teknikariaren laguntzailearen ardurak izango dira Zumaiako agenda koordinatu eta kultur arloko saretze lanak. Administrazio orokorrerako teknikariaren zeregin nagusia "Etxebizitza bulegoa" programa garatu eta koordinatzea izango da.

Zumaiako Udalak gaineratu duenez, hautaketa merezimendu-lehiaketaren bidez egingo da, eta gutxienez bost puntu lortu beharko dira. Horrez gain, Lanbideko kurriculumean agertzen diren merituak eta udalean egiaztatzen diren merituak soilik hartuko dira kontutan, hau da, bi erakundeetan bat egiten duten merituak hartuko dira kontutan. Hautagaien ardura izango da merituak Lanbiden eguneratzea. Oinarriak eta informazio gehiago, bi esteka hauetan.