Elkarretaratze jendetsua egin dute Zarauzko sexu erasoa salatzeko

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 22a, 19:46
Zarauzko Bilgune Feministako eta Zumaiako Udaleko ordezkariek eutsi diete pankartari. (Mireia Galarza Bastida)

Elkarretaratze isila egin du hainbat herritarrek Beheko Plazan, aurreko asteburuan Zarautzen izan zen sexu erasoa gaitzesteko eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa adierazteko.

Atzo, osteguna, Zarauzko Udalak joan den asteburuan gertatutako eraso baten berri eman zuen, eta biktima zumaiarra izanik, elkarretaratzea deitu zuen Zumaiako Mugimendu Feministak Zumaiako Udalarekin batera gaur arratsalderako. Zarauzko Bilgune Feministak ere bat egin zuen elkarretaratzearekin.

Beheko Plazan elkartu da hainbat herritar, eta elkarretaratze ixila izan bada ere, garbi adierazi dute pankarta baten bidez ez dutela eraso sexista gehiago onartuko. Bigarren aldia da aste honetan Zumaiako Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitzen duena, aurreko asteburuan gertatu zen beste eraso bat salatzeko egin baitzuten asteazkenean manifestazioa herrian.