Ratio duinak aldarrikatu dituzte San Juan egoitzako langileek

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 22a, 14:27

Elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean Gipuzkoako egoitzetako langileek ratio duinak aldarrikatzeko. Zumaiako San Juan egoitzako langileak ere kalera atera dira.

ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean zehar Gipuzkoako hainbat eguneko zentrotan eta adineko egoitzatan; tartean, baita Zumaiako San Juan egoitzan ere.

Gaurko mobilizazioen harira, ELAk salatu du adineko egoitzetako langileen egoera “gero eta gordinagoa”  dela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “uko” egiten diola negoziazioari. “Egoitzetako errealitatea onartu ordez, egungo eredua defendatzen jarraitzen du medioetan. Hala nola errealak ez diren ratioak daudela defendatzen ditu, bi egoiliarreko langile bat dagoela esanez, datu zuzena honakoa denean: hamahiru egoiliar daude langileko”.

Horiek izan dira gaurko protesta antolatzearen arrazoiak. “Benetako ratioak eta egoera zein den aldarrikatzeko atera gara kalera. Aldundiari eskatzen diogu erantzukizunez jokatzeko, eta mahaiaren bueltan eser dadila”.

Sindikatuaren arabera, Gipuzkoako hogei zentrotan egin dute protesta gaur goizean.

Bi greba datozen egunetan

Protestez gain, grebak egiten jarraituko dute langileek. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuek  hilaren 28an eta azaroaren 12an grebara deitu dituzte egoitzetako beharginak.

ELAk bezala, LABek ere ratioen eredua eguneratzea eskatzen du, eta negoziazio kolektiboa berraktibatzea.

Ohi bezala, gutxieneko zerbitzuak %100ekoak izango dira; hau da, praktikan, langileek ezin dute grebarik egin, soilik delegatu sindikalek.