Zumaiako Udalak Zarauzko erasoa gaitzetsi du eta elkarretaratzera deitu du bihar arratsalderako

Baleike 2021ko urr. 21a, 17:17

Zarautzen sexu erasoa jasan zuen zumaiarrari "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkio udalak, eta Zumaiako Mugimendu Feministarekin batera deitu duen mobilizazioan parte hartzera dei egin du. Beheko plazan izango da hori, 19:00etan.

Aste beltza izan da Zumaian. Asteartean, herrian gertatutako eraso matxista baten berri eman zuen Mugimendu Feministak, eta atzo,  beste eraso baten berri eman zuen Zarauzko Udalak. Bigarren eraso hori Zarautzen gertatu zen asteburuan, baina zumaiarra da biktima. Zumaiako Udalak gogor gaitzetsi ditu bi gertakariak eta "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkie bi erasotuei, atzo eta herenegun kaleratutako bi adierazpenen bidez. Gainera, aste honetan bigarren aldiz, elkarretaratzera deitu du Mugimendu Feministarekin batera. Gaur, ostirala, 19:00etan Beheko plazan egingo dute mobilizazioa, eta parte hartzera deitu ditu herritarrak.   

Zumaiako Udalak erabateko babesa adierazi dio Zarautzen erasoa jasandako emakumeari, eta udalak dituen baliabideak bere eskura jartzeaz gainera, bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia eskaini dio. Erakundeak irmoki adierazi du ez dituela inolaz ere onartuko emakumeen eskubideak urratzen dituzten erasoak, eta nabarmendu du indarkeria matxista ez dela soilik erasoa pairatzen duten emakumeen arazoa, jendarte guztiarena baizik. "Instituzioen ardura da herritarron giza eskubideak bermatzea eta Zumaiako Udalak lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurkako borrokan. Halaber, Udalak herritar guztion inplikazioa eskatzen du. Izan ere, gutako bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daiteke eraso bat saihesteko".