Zabalik dago Euskal Kostaldeko Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 24a, 10:00

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak Geoparkean ikerketa zientifikoa sustatzeko laguntza deialdia zabaldu du. Eskabideak 2021eko azaroaren 22a baino lehen aurkeztu behar dira eta laguntza gehienez 3.500 eurokoa izango da.

Ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du. Urtero eskaintzen du Geoparkeko natura eta kultura ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa lanak egiteko laguntza.

Aurten, geologiaz gain, ekologia, naturagune babestuak, historiaurrea, kultura ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko dituzten gaiak.

Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dute laguntza eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezke eta laguntza gehienez 3.500 eurokoa -zergak barne- izango da. Eskabideak aurkezteko azken eguna azaroaren 22a izango da. Deialdiaren oinarriak hemen aurkitu ditzakete interesa dutenek. 

Bigarren deialdi irekia

Geoparkeak deialdi irekia zabaltzen duen bigarren urtea da. Izan ere, 2020an Josu Narbarte historialariak eta Eneko Iriarte geologoak aurkeztu zuten ikerketa izan zen aukeratua eta azken mendean gure paisaiak izan duen bilakaera kulturala aztertzea izan zuen helburu.

Itsas ondarea, baserria, basoa, nekazaritza eta beste hainbat erabilerek gaurko paisaian utzi duten arrastoa ulertzea ahalbidetu du ikerketak, dokumentu zaharrak eta zundaketa geologikoak aztertuta.