Euskara lehenesteko konpromisoa hitzartu dute banketxeek Uemarekin eta udalekin

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 21a, 11:30

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko, akordioa sinatu dute Uemak, Laboral Kutxak, Kutxabankek, Bankoak eta 44 udalerrik. Eskualdeko sei herrik sinatu dute hitzarmena: Azpeitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak.

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin, hitzarmena sinatu dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte Uemarekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek. Urola Kostako sei udalerrik ere bat egin dute hitzarmenarekin: hain zuzen ere, Azpeitiak, Getariak, Oriok, Zarautzek, Zestoak eta Zumaiak.

44 udaletako alkateak eta ordezkariak Bergarako Seminarioan (Gipuzkoa) izan dira goizean, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin dute. Bergarako alkate Gorka Artolak egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du ondoren hitza. Ondoan izan ditu Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusia eta Ana Urkiza Bankoako Euskara Koordinatzailea.

Esker hitzak izan ditu Lazkanok: “Uemarekin eta 44 udalerri euskaldunekin akordioa sinatu duten hiru finantza erakundeek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmenean, eta bulegoak udalerri euskaldunetan dituztela ulertuta eta udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, bulego horietan euskara lehenesteko konpromisoa ere hartu dute. Beraz, jarrera eredugarria dute, zalantzarik gabe”.

Udalerri sinatzaileak
Zestoa. Kutxabankekin eta Uemarekin sinatu du akordioa.
Getaria, Orio eta Zumaia. Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin eta Uemarekin sinatu dute akordioa.
Azpeitia eta Zarautz. Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, Bankoarekin eta Uemarekin sinatu dute akordioa.