Orduan bai

Euskal Festak Zumaian 1900. urtean

Imanol Azkue Ibarbia 2021ko urr. 23a, 12:00

Uztailean, atal honetan, herriko jaiak izan genituen mintzagai, baina ez genituen denak aipatu; izan ere, bat nahita irailerako utzi genuen, desberdina zelako eta erlijioarekin zerikusirik gabea: 1900eko irailean Zumaian izan ziren Euskal Festak. Gertaera handia izan zen herrian, arrastoa utzi zuena, eta oraindik ere suma daitezke gurean festa haren oihartzunak.

Iraileko Baleike aldizkarirako Imanol Azkuek idatzitako erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Lore jokoetatik euskal festetara

Lehen euskal festak Anton Abadia Urrustoi politikariaren eta diplomatikoaren ekimenez antolatu ziren, Ipar Euskal Herrian, XIX. mendearen erdialdetik aurrera, “lore joko” izenarekin. Lore jokoek, berez, Antzinako Erroman zuten jatorria, leku askotan egiten ziren, eta joko haiek antolatuta, Abadiak euskara eta euskarazko literatura indartu nahi zituen. Gero, Abadiaren ondoren, lehiaketa haiei segida eman zieten Nafarroan zenbait euskaltzalek (Iturralde, Oloriz, Arturo Kanpion…), euskal foruen galerari erantzuteko asmoz. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ideia hura bere egin eta 1893an Azpeitian antolatu zuen lehen Euskal Festa; harrezkero, Gipuzkoako beste hemezortzi udalerritara ere eraman zuen ospakizuna, urtero herri batera, eta tartean izan zen Zumaia, 1900eko irailaren 22, 23, 24 eta 25ean. 

Prestakuntza

Gertaera hura mugarri garrantzitsua izan zen Zumaiarako. Izan ere, euskalduntasuna eta euskara agerian jartzeko ez ezik, herri osoa lanean jartzeko ere balio izan zuen, eta herritar gehienek hartu zuten parte. Prestakuntzak garaiz hasi zituzten:

  • Dantzariei erakusten: “Para director o maestro de los dantzaris que deberán ejecutar sus ejercicios durante las fiestas Euskaras de esta villa, nombran al bailarín Dn Lorenzo Pujana, vecino de Villafranca”. 
  • Musika bandaren zuzendaria (Bonifacio Kalparsoro) gaixo zegoenez, alkateari baimena eman zioten ordezkoa bilatzeko, komeni zelako irailerako “que la Banda municipal se halle a una altura bastante regular”; Zarautzen topatu zuten ordezkoa, Antonio Abad; halaber, musika instrumentu hondatuak konpondu eta berriak erosi zituzten. Gainera, bestelako pizgarriak ere eman zizkieten musikariei: “Para estímulo de los músicos de la banda y con el fin de que estos acudan a los ensayos con la puntualidad debida, acuerdan de que en el interrupto que media de hoy hasta las fiestas euskaras se les suministre un poco de vino en los ensayos”.
  • Frontoia txukundu eta konpondu egin zuten eta pilota partidetako pilotariak lotu zituzten.
  • Bandera bat erosi zuten Udalerako: “se estudie la adquisición de una bandera que ostente las armas del Municipio y sirva de ornamentación en las referidas fiestas, como así bien en los actos solemnes”, baita bestelako banderak apaingarriak ere.
  • Argiztapen berezia prestatu zuten: “poner en conocimiento del rematante del alumbrado público por electricidad, que los expresados días, necesitará este municipio, además de las actuales, 1.200 bujías de luz, o sean 120 lámparas incandescentes, para establecer en la Plaza Mayor, Paseo de Odieta y Muelle de este puerto (…). También se acuerda se traigan de Bilbao 300 farolillos de papel para las referidas iluminaciones”.
  • Jendetza handia espero zutenez, ostatu inprobisatuak jartzeko baimena eskatu zuten herritar batzuek, baita Udalak eman ere.
  • Etxeak txukuntzeko eta zuritzeko agindu zieten herritarrei: “se ordene se arreglen y blanqueen las fachadas de las casas de esta población para las fiestas Euskaras”.
  • Festak iragartzeko esku programa eta kartel ugari egin zituzten. Hauxe erabaki zuen Udalak: “acuerdan se haga una tirada de 8.000 carteles; impresos de mano y 150 grandes para anunciar en las poblaciones”. Kartel handi horietako bat gordeta dago txukun-txukun Zumaiako Udal Artxiboan.

Euskal Festak iragartzeko kartel handia (Zumaiako Udal Artxiboa, 333-09)
Euskal Festak iragartzeko kartel handia (Zumaiako Udal Artxiboa, 333-09)

Egindakoa

Lau eguneko festen kontakizun zehatza egin zuten Euskal Erria aldizkarian, eta horri jarraituko diogu xehetasunen berri jakiteko; gainera, han adierazitakoa udal aktetako beste informazio batzuekin osatu egingo dugu, baita El Correo de Guipúzcoa egunkarian argitaratutakoarekin ere.

Nolako herria ikusten zuten kanpotik zetozenek? Herriaren sarreran zintzilikarioak eta bandera ikusgarriak zeuden, eta Udalak erramu arku handi bat ere eraiki zuen, hitz hauekin: “Bizi bedi euskera./ Gipuzkoako ekautari [diputatu] jaunai / eta Euskal-itz-jostaldien Batzarreari / Zumayako erriyak” eta “Erbestetako anaiak / Ongi etorriak izan zaiteztela / Zumayako euskal-festetara”. Honela deskribatu zuten herria El Correo de Guipúzcoa egunkarian: ”Zumaya presentaba magnífico golpe de vista, uniendo á sus muchos encantos la extraordinaria animación que se notaba por la afluencia de cerca de media provincia y el bonito conjunto que ofrecían todas las casas recién blanqueadas y luciendo caprichosas colgaduras y banderolas, que enteramente hacían el efecto de bandada de palomas adornadas con vistoso lazos”.

Irailaren 22an, larunbatean, hasi ziren jaiak. Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak sailkatu egin zituzten, lehiaketarako. Ganaduak erakusgai Erribera kalean egon ziren, gurrutxagatarren eta uriartetarren terrenoetan. Aldundiko ordezkariak iristear zirenean, zein iritsiko eta Aita Santuaren nuntzioa, Donostiatik bueltan; hari eta Aldundiko ordezkariei harrera egin ondoren, guztiak udaletxera joan eta handik ikusi zituzten Goiko plazan egin ziren dantza ederrak. Gero, agintariak Maria eta Jose Kolegiora joan ziren, eskulanen erakusketa inauguratzera; handia izango zen, 1.500 objektu baino gehiago jarri baitziren erakusgai; Txomin Agirre apaiz eta idazlea ere han zen, harrera egiten. Gauean, salbe ederra izan zen San Pedro parrokian; salbe hura 17 urteko gazte zumaiar batek idatzia zen, Jose Maria Beobidek. Eguna amaitzeko, musika bandak kontzertua eskaini zien agintariei.


Zumaiako portua 1900 inguruan (argazkia: Zumaiako Udala, Miguel Angel Saezek emana).

Irailaren 23an, igandean, goizeko seietan txistulariek eta bandak diana jo zuten. Hamarretan, musika bandak lagunduta, Udaleko eta Aldundiko ordezkariek prozesio ikusgarria egin zuten: estandarte ugari eta jende asko alboetan, laguntzen, mikeleteek babestuta. Gero, meza nagusia Manuel Beobidek eman zuen. Antonio Trueba zumaiarraren pieza bat abestu zuten, Donostiatik etorritako errefortzuekin indartutako orkestra eta guzti. Gero, Daniel Baertel fraide frantziskotarrak sermoia egin zuen, eta, amaitzeko, Clemente Ibarguren biolinistak Beethovenen erromantza bat jo zuen. Mezaren ondoren, musika bandaren emanaldia izan zen Goiko plazan, eta gero bazkaria. Arratsaldeko lauretan, agintariak berriz ere Goiko plazan ziren, eta oholtzan abeltzaintzako eta nekazaritzako sariak eman zituzten; baina eguneko ikuskizun nabarmenena probintziako diputatuen dantza izan omen zen: aurreskua Santo Domingo diputatuak dantzatu zuen; atzeskua, berriz, Esteban Aranguren Zumaiako alkateak; nola dantza egin zuten ere jasota dago aldizkarian: “Con aire reposado y tranquilo, sin las piruetas y contorsiones que empiezan á introducirse y tanto deslucen el verdadero y original baile”; pixkanaka, emakumezkoak ere sartu omen zituzten sokan, eta amaitzeko arin-arina dantzatu; atzetik, saioa bukatzeko, dantzaritxikiak. Haien ondoren, bertsolariak (Pello Errota, Olegario, Txintxua eta Urkia gaztea) izan ziren, eta haiek bukatutakoan, irrintzilariak; azken horietan nabarmenena Domingo Ikazeta, 79. urtekoa. Gauean, eguna ixteko, plaza argiztatuta, su artifizialak eta musika izan ziren.

Irailaren 24an, astelehenean, 08:30ean saltakalariak izan ziren, Arranaitzera (Orroagaren hasierara) joan eta etorri, eta 09:00etan, berriz, saltokariak. 09:30ean, udaletxean, literatura eta musika lehiaketetako sariak eman zituzten; gero, euskarazko irakurraldien azterketa izan zen. Horren ondoren, agintariak udaletxetik kolegiora joan ziren, eta han haurrek euskaraz idazteko eta irakurtzeko ariketak egin zituzten: neska batek diskurtso bat irakurri zuen euskaraz, eta haren

atzetik neska gehiagok euskarazko testuak irakurri zituzten, baita euskaraz ez zekiten batzuek ere; Tiburcio Beobideren eskola partikularreko mutilek ere euskaraz idazteko eta irakurtzeko ariketak egin zituzten. Gero, txistularien lehiaketa izan zen plazan eta Leandro Zabalak lortu zuen lehen saria (urte batzuk geroago, bandaren zuzendari eta musika irakasle izan zen Zumaian), eta horien atzetik, aurreskularien lehiaketa; zeinek irabaziko eta Pujana jaunak (dantza irakasleak), atzetik bi zumaiarrekin: Ascensio Linazasoro eta Jose Miguel Antia. Arratsaldean, errioan festa izan zen: kukañak, estropadak…, eta, ondorenean, dantzaritxikiak. Eguna amaitzeko, gauean su artifizialak erre zituzten, eta musika ere izan zuten.

Irailaren 25a, asteartea, euritsu esnatu zen, baina aizkolarien lehiaketa egin ahal izan zuten. Pilota partida, ordea, bertan behera geratu zen, eguraldiarengatik. Gero, arratsaldeko hiruretan gaiteroen eta dultzaineroen lehiaketa izan zen. Azkenik, eguna eta festak amaitzeko, musika izan zen.

Euskal-Erria aldizkariko testuan, eskerrak eman aurretik, azken ohar hau dakar: “No ha habido que lamentar el menor incidente desagradable, á pesar de la extraordinaria concurrencia que acudió por mar y por tierra y obligó á improvisar tiendas de campaña con mástiles, calabrotes y velas, dando singular aspecto y animación al cuadro que presentaba la risueña villa”.

Geratu zaiguna

Ehun eta bat urte pasatu zaizkigu ordutik. Zeinen desberdinak orduko Zumaia eta gaur egungoa, orduko zumaiarrak eta gaur egungoak, orduko jaiak eta gaur egungoak, baina, aldi berean, zer gutxi aldatu diren zenbait gauza... Erraza egingo zaigu orduko festa haien arrastoak gurean ezagutzea, eta ea aukera daukagun etorkizunean segida emateko, ehun urte barru ere jarrai dezaten.