Erretratuak

Mende erdi barraren beste aldean

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 24a, 09:00
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo.

Erretiroa hartuta, baina ez guztiz. Mende erdi bat egin du Antxon Segurola Iraundegik tabernako barraren beste aldean: Justan ia bizitza osoan; Aita Mari jatetxean laguntzen azken aldian. Zumaia aldatu den bezala, tabernariaren ofizioa, eta tabernak ere bai, asko aldatu dira hamarkada hauetan, eta horren lekuko izan da Segurola. Erretiratu bada ere, erretiro aktiboa da berea. Iraileko Baleike aldizkariko artikulua webgunean irakur daiteke orain.

Gizarteak denborarekin izaten duen eraldaketaren primerako lekukoak izan ohi dira tabernak eta haiek eramaten dituzten pertsonak, tabernariak. Are gehiago, Antxon Segurola Iraundegirekin gertatu bezala, berrogeita hamar urte luze badaramatza barraren beste aldean lanean. Herrian bertan, ohituretan, edota bezeroen tipologian izandako aldaketak sumatu ditu Segurolak urte hauetan guztietan, Justa tabernan gehienbat, baina baita Aita Mari jatetxean ere. Eta geratzen zaizkionak: 66 urterekin erretiroa hartu du Segurolak, baina “erretiro aktiboa” da, Eñaut semeak gogoratu duen bezala. “Gizarte Segurantzako bere kuota ordaintzen jarraitzen du. Eta horrekin nahi dituen ordu guztiak sar ditzake hemen”, dio Eñautek. Aita Mari jatetxea da semeak aipatzen duen “hemen” hori, eta une honetan hutsik dagoen jangelan jarri dugu berriketa saiorako hitzordua. 

Belaunaldiz belaunaldi pasa da ofizioa Antxon Segurolaren familian, baita taberna bera ere urte dezentetan. El Ciervo taberna eraman zuen familia honek, Kofradiako eraikinean. Baina nola El Ciervo? Ez al zen, bada, Justa? “Tabernaren izena beti El Ciervo izan zen –garai batean tabernako horman egon zen animalia adardunaren burua da horren seinale, nahiz eta hormakoa ez zen, berez, basahuntzaren burua–, baina gure amama Justak fama handia zuen herrian, eta hala ezagutzen hasi ziren: Justa. Garai hartan marinel asko ibiltzen zen bertan; Kofradia ere hantxe zegoen, eta bakailaoa eta antxoak ateratzen zizkien gure amamak”.

Antxonek txikitatik ikasi behar izan zuen tabernan mugitzen. “Hamasei urterekin hasi nintzen lanean tabernan. Eskolan nenbilen orduan, eskola profesionalean. Aitak eskatu zidan laguntzeko bazkariak-eta ateratzen. Horrela hasi nintzen tabernan lanean. Beste bi urte egin nituen eskolan, baina hura utzi ondoren, tabernan segitu nuen lanean”. “Garai hartan bazkariak-eta ematen” hasi zirela du Segurolak gogoan, “baita afariak ere. Estalapean hasi ginen mahaiak-eta jartzen eta bazkariak eta afariak ematen, marmitakoak-eta. Hortik aurrera jarraitu egin genuen”.

Goizean, arratsaldean edo iluntzean edariak zerbitzatzen ibilita, taberna girotik ihes egiteko aukera handirik ez zuen Antxonek. Izan ere, Kofradiako eraikinean bertan bizi ziren, “lehenengo pisuan”, Kofradiako salmenta gelaren alboan; lanpostua justu behean izaten zuen, tabernan. Dena, baina, ez zen lana, eta parranda koskorrak egiteko aukera ere izan zuen Segurolak bere gaztaroan. “Oraindik aita bizi zenean, 17 urte nituenetik 20 urte bitartean, paga ematen zidan jaian Taosa diskotekara joateko. Garai hartan igandean bakarrik ematen zigun jai aitak, baina lehenbizi mezetara joan behar genuen, goizean. Gaueko 10:00ak arte edo egoten zen Taosa zabalik, eta ondoren Metrora joaten ginen, tripakiak eta gildak jatera”. 

Antxonek 20 urte zituela hil zitzaien aita, eta han pauso bat aurrera eman behar izan zuten Arantxa arrebak eta Antxonek berak: bien artean hartu zuten taberna. “Anjel anaia soldadu zegoen, eta Gurutze Gorrian bukatu zuenean, hirurok hasi ginen tabernan lanean”. 

Justa tabernatik pasatzen zen bezero mota asko aldatu zen denborarekin. “Zapatu goizean jendeak lan egiten zuen, eta eguneko lanaren bukaeran txikiteo pixka bat izaten zen, kafe toreroa... Gauetan izaten ziren afariak, Estalapean, baina bestela...”. Jaiegunetan lan gehiago egin behar izaten zutela dio ostalariak. “Jaiegunak garrantzitsuak izaten ziren Justa tabernan. Lehenbizi, jendea mezetara joatean zen, eta gero jaisten ziren tabernara, salda hartzera-eta. Ohikoa ez zen beste jende bat etortzen zen jaiegunetan tabernara; baserritarrak seme-alabekin ere etortzen ziren hamaiketakoa jatera; edo beste batzuk hondartzatik bueltan emaztearekin bermut bat hartzera. Gero, arratsaldeetan, kafeak eta kopak ateratzen genituen karta partidetarako”. 

“Aita-semeak tabernan daude, ama-alabak jokoan”, dio abesti batek. Hala gertatzen al zen Justanean ere? Emakumeek ba al zuten lekurik Erribera kaleko taberna honetan edo, hobeto esanda, Zumaiako tabernetan? “Emakume gutxi izaten genuen tabernan, eta agertzen ziren gutxiak senarraren alboan egoten ziren. Hori igandean, umeekin-eta etortzen zirenean. Baina, bestela, astean zehar, gizonak ziren tabernako bezeroak; emakumeak etxean geratzen ziren”. 

Denborarekin, baina, hasi ziren gauzak aldatzen, Antxonen esanetan. “20 urte nituela hartu genuen taberna, eta 22rekin gauzak aldatzen hasi zirela ikusi genuen. Kuadrillakoak etortzen hasi ziren, lagunak ere bai; arratsaldean karta partida jokatu, eta gero Taosara-edo joaten ziren. Gero, 23 edo 24 urterekin, taberna ixten hasi ginen eta lagunekin Txitxarrora joaten”.

Santelmoak dira herria aldatu izanaren beste adibide bat. Orain herriko festa nagusiak dira San Telmo jaiak, baina lehen ez zuten oihartzun handirik herrian, nahiz eta ospatu, ospatzen zituzten. Lehen ere Kofradiako bandera igotzen zutela du gogoan Antxonek, baina ekitaldi horretara ez zela inor agertzen. “Garai berezia izaten zen. Imanol Osa Pordillos etortzen zen; Glorioso San Telmo arrantza ontziaren patroia zen, baita Kofradiako presidentea ere. Berak igotzen zuen bandera, baina ez zen inor egoten hura ikusten”. Iritzi berekoa da Eñaut semea. “Ikurrina ere igotzen zuten lehen, baina orduko argazkietan ez zen inor ikusten kalean”. Bandera igo eta jaitsi bakarrik ez; prozesioa pasatzen zenean Kofradiako kanpai txikia jotzea ere beraien esku geratzen zen.

Une ez hain atseginak ere bizi behar izan zituzten garai hartan. Borrokak ere izan zirela gogoratzen du. “1970eko hamarkadako erdi aldera izango zen. Espainiako bandera ere jarri behar izaten zuten, eta han igo ziren lagun batzuk hori eragoztera. Ondoren, borroka izan zen aldekoen eta kontrakoen artean. Handik hogei bat minutura guardia zibilak etorri ziren, eta taberna itxi ziguten”. 

Urte batzuk geroago, 2000. urtean, Kofradiako balkoian zegoen bandera lapurtu zuten. “Masta agertu zen, baina bandera ez. Esan zuten getariarrek eraman zutela; beste batzuek zioten oriotarrak izan zirela. Batere harritu ez bandera zumaiar batek lapurtu izana”. Beste bandera bat enkargatu zuten, “elegantea”, eta Kofradian gorde zuten, “giltzapean”.  

Pandemiak ohitura oraingoz eten aurretik, arrantzale ohi batek igo izan du Kofradiako bandera. Jaitsi, ordea, Antxonek jaisten zuen behin jaiak amaituta, balkoi azpian biltzen zen musika taldeak jotako musikaren, eta bertaratutako herritarren oihuen artean. 2018koa urte berezia izan zen Segurolarentzat eta haren familiarentzat, azken aldiz jaitsi zuelako bandera San Telmo jaien amaieran. Urte horretan bertan itxi zuten Justa taberna, El Ciervo; abuztuaren 31n itxi zituen ateak. “Ziklo bat bukatzeko” gogoa zutela diote aita-semeek: “Ziklo hori lehenago bukatu behar zen, asko luzatu zen-eta”.

50 urte egin ditu Antxon Segurolak barra baten atzean. Nola laburbildu daiteke tabernariaren mende erdiko lana? “Ez dakit, baina ikusita zer den, orain ez nuke taberna hartuko! Zaila da taberna bat eramatea...”. Gaur egun semearen jatetxean laguntzen du, Aita Marin. “Ahal dudanean laguntzen dut, egoera honi buelta eman arte, pandemia honekin ez dakigu zer gertatuko den-eta”.

  • Adina: 66 urte.
  • Ikasketak: lanbide profesionala.
  • Lanbidea: tabernari erretiratua.
  • Tabernaria izan ez banintz... Ez dakit... Yeregui enpresan ere ia sartu nintzen. Baina ofizio hau zer den ikusita, orain ez nuke taberna hartuko!
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... Trago batzuk hartzea, aire pixka bat hartzeko