Ion Brakamonte: "Bakar-bakarrik oinez nindoanean, batzuetan pentsatzen nuen: zertan ari naiz ni hemen?"

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urr. 23a, 09:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Ion Brakamontek (Zumaia, 1981) bazuen amets bat ikasketak Brasilen egin zituenetik: motxilero gisa bidaiatzea Ushuaiatik (Patagonia, Argentina) Chicagoraino (AEB). Eta azkenean, hamar urte geroago, ekin zion bide luze horri. Motxila bete esperientzia itzuli da Zumaiara bi urteren ostean. Iraileko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Zer dela-eta erabaki zenuen motxilero modura bidaia hori egitea?

Aspalditik neukan gogoa. Bilbon hasi nituen musika hezkuntzako ikasketak, baina Brasilen egin nuen azkeneko zatia. 2009an bukatu nituen ikasketak han, eta pixka bat bidaiatu nuen gero. Motxilero mordoa ezagutu nuen, eta orduan pentsatu nuen nik ere nahiko nukeela egunen batean hala ibili.
Brasiletik itzuli nintzenean, dena den, hemengo gurpilean sartu nintzen berriro: lanean hasi nintzen irakasle gisa eta musika talde bat ere sortu nuen hainbat lagunekin. Hamar urte pasatu eta gero, baina, posible izan zen bidaia hori hastea motxilero gisa.

Bakarrik egin zenuen bidaiaren zatirik handiena. Askok sentitzen dute nolabaiteko bertigoa bakarrik bidaiatzeko.

Nire ametsa zen, hasieratik, bidaia hori bakarrik egitea. Hala ere, bikotekidea neukan, eta azkenean elkarrekin hasi genuen ibilaldia. Perura heldu eta sei hilabetera, ordea, banandu egin ginen, eta bakarrik jarraitu nuen nik. Polita izan zen bidaiaren hasiera, baina bakarrik egin dudan guztia bidaia espiritual baten modukoa izan da.

Bakarrik bidaiatzean libreago zarela uste dut: nahi duzun lekura joan zaitezke, edozein unetan. Gertuko norbaitekin bidaiatzea ere polita da, baina zaila ere izan daiteke; agian leku batera joan nahi du batek, eta beste toki batera besteak. Abentura handiagoa da bidaia bakarrik egitea, norberak bere burua ezagutzeko eta bere mugak topatzeko. Agian bada muturreko zerbait bakarrik ibiltzea errepidean auto stop egiten, mendian gora eta behera, kostatik, oihanetik... Baina oso aberasgarria ere bada.

Nolakoa zen zure egun normal bat?
Banituen puntu batzuk markatuta mapan, eta banekien zein herrialdetatik igaro nahi nuen, baina ez nuen gehiegi prestatzen egun bakoitzean zehatz-mehatz nora joan. Banuen GPS baten antzekoa den aplikazio bat, eta hor norakoak begiratzean, egun horretako helburua zein izan zitekeen pentsatzen nuen; hau da, egun horretan nora heldu nahi nuen erabakitzen nuen. Hala ere, askotan egiten nuen topo jendearekin, eta bisitatzeko lekuak gomendatzen zizkidatenez, pixkanaka-pixkanaka, aldatu egiten ziren hasieran zehaztuta izan nitzakeen helmugak. Baina ez neukan presarik.

Polita zen dena, askotan ez bainekien lo non egingo nuen ere. Kanpin denda bat neraman, badaezpada ere. Errepidean auto stop eginda, autobusez, bizikletaz nahiz oinez mugitzen nintzen; denetik egiten nuen. Sarri boluntario lanak egiten nituen ostatuetan, janariaren eta ohearen truke.



Jende asko topatu al zenuen zure egoera berdinean?

Motxilero eta bidaiari askorekin egin nuen topo; batzuon abiapuntua berdina izan zitekeen, baina uste dut berezia dela bidaia bakoitza; esperientzia bakoitzak bereizgarriak ditu zentzu askotan. Nire filosofia da, adibidez, ahalik eta gauza material gutxien izanda bizitzea, ahalik eta diru gutxien gastatzea, hegazkinak ekiditea eta lurretik bidaiatzea. Nire ustez politena da norbera bere konfort zonatik ateratzea.

Nire filosofia da, adibidez, ahalik eta gauza material gutxien izanda bizitzea, ahalik eta diru gutxien gastatzea, hegazkinak ekiditea eta lurretik bidaiatzea. Nire ustez politena da norbera bere konfort zonatik ateratzea.

 



Zein izan zen bisitatu eta gehien gustatu zitzaizun lekua?

Peru, Argentina, Txile, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, Panama, Costa Rica, Nikaragua, Salvador, Mexiko, Guatemala nahiz AEBetatik igaro nintzen, eta zaila da leku bakar bat aukeratzea. Peru, adibidez, asko gustatu zitzaidan, baita Guatemala eta Mexikoko leku asko ere. Kolonbia ere gustatu zitzaidan hango jendearengatik, eta El Salvador sorpresa polita izan zen, hasieran ez bainuen handik pasatzeko asmorik. Azkenean han pasatu nuen pandemia garaia, eta hiru hilabetez egon nintzen.

Zer-nolako oroitzapena duzu El Salvadorren igarotako pandemia garaiaz?

Uste dut zortea izan nuela orduan ere. Coatepeque izeneko laku batera heldu nintzen eta boluntario lanak egiten hasi nintzen hango ostatu batean. Han harrapatu ninduen pandemiak, eta itxialdia pisu arrunt batean baino askoz ere hobeto pasatu nuela esango nuke: kai bat dago uretara salto egiteko, parean sekulako mendia dago, aire librean egon nintekeen... Primeran pasatu nuen azkenean, eta ikasi ere asko ikasi nuen, yogan eta meditazioan asko sakondu bainuen garai hartan. Elikadura aldatzeari ekin niola ere oroitzen dut, askoz ere garbiago jaten hasi bainintzen, nire elikaduratik haragia guztiz kentzeraino.

Esperientzia polita izan zen, baina egia da han oso gogor jarri zela gobernua. Guztiz itxi zuten El Salvador, eta ezin zen handik inola ere atera. Azkenean, enbaxadarekin harremanetan jarrita lortu nuen atertzea eta Mexikora sartzea.

Zer izan zen bidaia horretan gehien kostatu zitzaizuna?

Lehenengo sei hilabeteak izan ziren gogorrenak. Atzean utzi nituen musika taldea, lagunak, familia, gero neska lagunak ere harremana uztea erabaki zuen... Hori izan zen gogorrena. Gero, baina, konturatu nintzen ezer ez dela betiko. Beste gauza asko ere ikasi ditut bidaian zehar; adibidez, atxikimendu edo lotura material nahiz pertsonal asko ditugula eta, sarritan, ez duela merezi horrek guztiak. Hala ere, askotan sentitzen nuen jendearen falta.
Errepidean edo beste edozein lekutan bakar-bakarrik oinez nindoanean, batzuetan pentsatzen nuen: "Zertan ari naiz ni hemen?". Baina gero beti esaten nion neure buruari: "Jarraitu aurrera". Nonbaitera heltzean eta jendea ezagutzean, hobeto sentitzen nintzen berriz. Eta horrela pasatu ziren bi urte.

Espero zenuen kanpoan hainbeste denbora pasatzea?

Nire asmoa zen, hasieran, hilabete egitea herrialde bakoitzean eta urtebete inguruko bidaia izatea. Baina hara heldu nintzenean hain izugarria iruditu zitzaidan dena... Europa txiki gelditzen da horren guztiaren ondoan. Eta azkenean denbora gehiago eman nuen herrialde bakoitzean, libre ibili nintzen. Pandemiak ere atzeratu egin zuen guztia, gainera.



Nola erabaki zenuen etxera itzultzeko ordua zela?

Mexikon ibili eta Tijuanaraino heldu nintzenean, pandemiagatik, lurreko muga itxita zegoela ikusi nuen. Orduan pentsatu nuen nire bidaia AEBetan amaitzeko ametsa alde batera utzi beharko nukeela, eta beheranzko norabidea hartu nuen berriz, Mexiko Hirira iritsi arte. Handik Euskal Herrira itzultzea pentsatzen nuen. Halako bidaietan hainbeste leku ikusten dituzu, non azkenerako pentsatzen duzun: "Zer gehiago geratzen zait?". Baina gero erabaki nuen azkenengo borroka egingo nuela, eta AEBetako enbaxadara joan nintzen. AEBetan sartzeko bisatua lortu nuen hala.

Nire ametsa zen Route 66 delakoa egitea Los Angelesetik Chicagoraino, bidaia biribiltzeko. Eta lortu nuen, baina ez nahi bezala. 20 egunez egoteko baimena baino ez zidaten eman. AEBetan egin nuen ibilbidearen azken zatia oso gogorra izan zen, gainera. Kapitalismo purua dira AEBak, eta guztia dago prestatuta, esaterako, norberak bere autoa izan dezan. Oso zaila da han motxilero moduan ibiltzea.

Askotan, unean-unean, ez gara konturatzen gertatzen ari den eta egiten ari garen guztiaz. Eta ni, ordura arte, ez nintzen kontziente izan bidaian bizitako abenturez nahiz arriskuez.


Gogoratzen dut nola Chicagon hegazkina hartu nuenean hutsik sentitu nintzen. "Banoa etxera jada", pentsatu nuen. Askotan, unean-unean, ez gara konturatzen gertatzen ari den eta egiten ari garen guztiaz. Eta ni, ordura arte, ez nintzen kontziente izan bidaian bizitako abenturez nahiz arriskuez. Hala ere, mundua ez da komunikabide askok kontatzen duten bezain arriskutsua. 


Zerk harritu zintuen gehien bidaia horretan?

Jendea zein gutxirekin bizi den hainbat lekutan, eta zer-nolako jakinduria daukaten kultura indigena askok. Esaterako, harritu egin naute naturari dagokionez dituzten balioek; oihanetik lortzen dute elikatzeko behar dutena, baina hura guztiz suntsitu gabe. Guk hemen jada ez daukagu jakinduria hori, eta ahaztuta ditugu hainbat balio. Industria suntsitzaile bihurtu da dena.

Hemen ez gara konturatzen zer gurpiletan harrapatuta bizi garen; kontsumismoan bizi gara, gauzak erostea eta edukitzea dugu oinarri. Ni oso gauza gutxi izanda bizi izan nintzen bidaia horretan; bi urtetik gora egin nituen lau galtzontzillorekin, lau galtzetin parerekin eta lau kamisetarekin. Eta posible dela ikusi nuen. Etxera itzuli nintzenean, pentsatu nuen: "Baina zenbat arropa neukan!". Harritu ninduen konturatzeak hemen zenbat gauza ditugun alferrik, materialak, batez ere. Sinestezina da. Orain borrokan ari naiz, han ikasitako guztia hemen praktikan jarri nahian. Eta ez da erraza izango.

Nolakoa izan da zure buelta Zumaiara?
Oso arraroa. Inori ezer esan gabe etorri nintzen. Etxera heldu nahi nuen, eta gauzak nola zeuden nahiz ni nola nengoen ikusi. Handik bi egunera zen nire urtebetetzea, eta jendea zoriontzen hastean esan nien Zumaian nengoela.

Egia esan, arraro sentitzen naiz oraindik ere. Hemen guztiok ezagutzen dugu elkar, eta batzuetan ordutegi zehatzetan irteten naiz kalera, jende askorekin ez egoteko eta ez urduritzeko. Azken finean, bi urte baino gehiago egin ditut ia bakarrik, inork ezagutzen ez ninduen lekuetan. Alde batetik, sekulako askatasuna ematen du horrek nahi bezala ibiltzeko; inork ez zaitu kontrolatzen. Hemen ez da hala.

Gure kulturaren parte da, gainera, beti tabernetan egotea. Nik ere banuen ohitura hori lehen, baina orain ez. Gaur egun, tabernaren batean pertsona batekin edo birekin egonez gero molda naiteke, baina jende asko egonez gero, urduri jartzen naiz. Han natura zabalean ibiltzen nintzen, eta horren ostean, txiki gelditzen zait hau.

Eta aldatuta ikusi al duzu Zumaia?

Sumatu dudan aldaketa nagusia izan da taberna guztiek terraza daukatela orain. Positiboa da hori. Hala ere, orokorrean, berdin jarraitzen du denak. Uste nuen pandemia zela-eta gehiago aldatuko zela jendea, baina berdin jarraitzen dute gehienek. Seguruenik, ni naiz aldatuta etorri dena. Eta ziur aski, harrapatzen gaituen gurpil horretan berriz sartzen banaiz, beste guztiek bezala jarraituko dut nik ere. Baina espero dut, behintzat, gauza gutxiagorekin bizitzen jarraitzea.

Nahiko al zenuke, egunen batean, bidaia horretan ezagututako lekuetara itzuli?

Bai, uste dut engantxatu egiten duela horrek. Iazko otsailean, Nikaraguan nengoenean, buruan neukan bidaia hori amaitzean Asiara joan nahi nuela. Dena den, oraingoz, ez diot horri heldu. Aurrerago, agian bai.

Egia da hasieran beldurra ematen duela halako bidaia bat hasteak. Hemen lotuta zaudenean zaila da buruak klik egitea eta alde egitea. Nik dena utzi nuen; lana, etxea, autoa. Bizitza polita neukan hemen, baina horrek ez ninduen betetzen. Nire ametsa zen bidaia hori egitea, eta bete dut. Lortu dut betetzea. Egia esan, edonori gomendatuko nioke halako esperientzia bat bizitzea. Gaizki egonez gero, beti daukagu hona itzultzeko aukera.