Hezkuntza Sailak 7,3 milioi euro bideratuko ditu Zumaiako Institutua handitzeko lanetara

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 20a, 10:50

DBHrako hamar ikasgela eta 480 metro koadroko gimnasioa izango ditu, besteak beste, eraikin berriak. Kirol kantxak estaltzeko aterpea ere egingo dute.

Gobernu Kontseiluak atzo, asteartea, baimendu zuen Zumaiako Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzeko eraikin berria egiteko gastua. Hezkuntza Sailak, guztira, 7.348.528,54 euro bideratuko ditu lan horietara. 

Eraikina bi zatitan bereiziko dute. Irakaskuntza erabilerarako espazioak eraikiko dituzte, batetik –ikasgelak, tailerrak, irakasleen gela...–; eta gimnasioa, komunak, aldagelak eta biltegia, bestetik. Azken espazio hori 480 metro koadrokoa izango da. 

Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxearen eta Aitzuri frontoiaren artean dagoen orubean eraikiko dute eraikina, eta BHIren egungo eraikinetik gertu, era berean. Jakinarazi dute gimnasioa Sagarbide kale aldera kokatuko dutela, trafikoaren zarata xurgatu dezan, eta irakaskuntza eremua berdeguneez, oinezkoentzako guneez eta jolastokiz inguratuta geratu dadin. 

Eraikinak 2.477 metro koadro izango ditu guztira –2.162 metro koadroko azalera erabilgarriarekin–, eta 250 ikasle hartu ahal izango ditu. Hamar ikasgela arrunt izango ditu, bi banaketa gela, Hezkuntza Premia Berezietarako bi ikasgela, tailerra, erabilera anitzeko espazioa, plastika gela, gimnasioa eta aterpea. 

Eraikin horrez gain, BHIren jatorrizko eraikinaren atzealdean dauden kirol kantxak estaltzera bideratuko dute dirua –frontoi estaliaren ondoko kantxak estaliko dituzte, hain zuzen ere–.

"Berri pozgarria"

Zumaiako alkate Iñaki Ostolazaren ustez, berri pozgarria da, besteak beste, eraikin berriaren zein kantxaren estalkiaren lanei epeak jartzen dizkielako. Maddi Aldalur Hezkuntza zinegotziak nabarmendu du udalaren eta Hezkuntza Sailaren arteko harremanak fruitu gehiago ematea espero dutela, eta helburu horrekin lanean jarraituko duela udalak. 

Olatz Gabarain Zumaiako Institutuko zuzendaria ere bat dator Iñaki Ostolazarekin, baina berria pozez jaso arren, berandu datorrela uste du. "Gimnasioa, esaterako, bakarra geneukan LHko eta DBHko maila guztientzat. Kiroldegia edo Aitzuri pilotalekua erabilita moldatu gara orain arte, eta ordutegiak ere instalazioen arabera egin behar izan ditugu", azaldu du. Eraikin berriak "arnas handia" emango die, Gabarainen hitzetan. Gela aldetik "osatuta" geratuko dira, eta kirol kantxak estaltzea ere onuragarria izango dela uste du, eskola orduan ikasleek emango dien erabileraz gain, Eskola Kirolarentzat ere bai. 

Epeei dagokienez, Gobernu Kontseiluak jakinarazi du obrak hasi eta amaitzeko epea 20 hilabetekoa izango dela. Behin Gobernu Kontseiluak lanak baimenduta, Hezkuntza Sailak esleipen prozesuari ekingo dio. Lanak 2022ko udaberrian hastea aurreikusi dute.