Ardantzabide kaleko auzokonposta gunea indartuko du UKUEk

Helburu bikoitza izango du erabakiak. Alde batetik, ahalik eta herritar gehienek auzoan konposta egiteko guneak erabilita, hondakinak murriztea lortu nahi da, eta bestetik, konposta egiteko guneen funtzionamendua hobetzeko ere baliatu nahi du kanpaina UKUEk.

Auzokonpostaren bidetik, Urola Kostako Udal Elkarteak beste urrats bat eman nahi du hondakinen kudeaketa egokian. Hain zuzen ere,  Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak Zumaiako Ardantzabide kaleko auzokonposta gunea indartzeari ekingo dio laster, helburu bikoitzarekin. Alde batetik, ahalik eta herritar gehienek auzoan konposta egiteko guneak erabilita, hondakinak murriztea lortu nahi da, eta bestetik, konposta egiteko guneen funtzionamendua hobetzeko ere baliatu nahi du kanpaina UKUEk. 

Kanpainaren bidez, interesa agertu eta izena ematen duten bizilagun guztiei konpostari buruzko formakuntza tailer bat eskainiko die UKUEk. Formakuntzaz gain, aholkularitza zerbitzua ere eskainiko da. Izan ere, Ardantzabide kaleko konposta egiteko gunea teknikari baten gidaritzapean kudeatuko da. Jarraipen lanez gain, teknikariak arreta eta aholkularitza zerbitzua ere eskainiko dizkie bizilagunei. Izena eman nahi dutenek 943-89 08 08 telefonora deitu beharko dute, edo ingurumena5@urolakosta.eus helbidera idatzi.

Konpost gehiago, hondakin gutxiago

Urola Kostako Udal Elkarteak emandako datuen arabera, 2005.urteaz geroztik, konposta egiteko hainbat bide dituzte Urola Kostako herritarrek. Auzoan konposta egiteko aukerari dagokionez, eskualdeko 4 udalerritan eskaintzen du horretarako aukera Udal Elkarteak. Hain zuzen ere, auzoan konposta egiteko udalek eta Udal Elkarteak jarritako 12 eremu daude eskualdean: Getarian 3, Orion 3, Zarautzen 1 eta Zumaian 5.  

Oro har, elkartearen arabera, urtez urte "gora" egin du konposta egitea erabaki eta bere hondakin organikoen konposta egiten duten eskualdeko familien kopuruak. "Prebentzioaren bidetik, konposta egin eta hondakin gutxiago sortuta, hondakinek kudeaketak dakartzan kostu ekonomikoak murrizteaz gain, hondakinen azken tratamenduak sortzen dituen beste hainbat arazo ere saihestuko dira".