Bertso saioarekin hasi dituzte Txikitasunean Handi asteburuko ekintzak

Baleike 2021ko urr. 16a, 12:00
Hainbat lagun elkartu zen atzoko bertso trama saioan.

Txikitasunean Handi asteburua ospatuko dute egunotan Arroa Behean. Atzo hasi zituzten ekitaldiak, bertso tramarekin. Gaur eta bihar beste hainbat ekintza izango dira.

Txikitasunean Handi asteburua ospatzen ari dira egunotan Arroabean, auzoko Txikitasunean Handi elkarteak antolatuta. Atzo, ostirala, hasi zituzten egitasmo horren barruko ekitaldiak; hain zuzen ere, bertso trama emanaldia egin zuten Maider Arregi, Eli Pagola, Jokin Bergara eta Maialen Akizu bertsolariek. Pilotalekuan izan zen saioa, eta giro ederra nagusitu zen bertan.

Gaur jarraituko dute Txikitasunean Handi asteburuko ekitaldiek. Goizean, Arrua Bira mendi buelta egingo dute. 17:00etatik aurrera, berriz, Txikitasunean Handi IV. Mus Txapelketa jokatuko dute tabernetan: izen ematea Txomin tabernan egin beharko da, 16:30 bitartean. Festa giroan bukatuko dute larunbata, Iratzar taldeak eskainiko duen erromeriarekin.

Iganderako, bestalde, Txara denda eta kooperatibakoekin elkarlanean, baserritarren eta artisauen azoka antolatu dute. Arroabean orain arte egin izan den era horretako azokarik handiena izango da igandekoa. Barazkiak, ogia, gazta, eztia, marmelada, sagardoa, arropak eta osagarriak, bitxiak, ukenduak, xaboiak, egur lanak… Askotariko produktuak ikusgai eta salgai jarriko dituzte inguruko baserritarrek eta artisauek azokan, eta taloak dastatzeko aukera ere izango da. 10:00etatik 14:00etara jarriko dituzte postuak, auzoan zehar.