Irrika 2021-2022 denboraldirako

Jabi Gonzalez Toston 2021ko urr. 16a, 15:30

Udako oporraldia amaituta, betiko ohituretara itzultzeko garaia izaten da iraila. Halaxe egingo dute Malen Solozabalek (2001), Jone Aguadok (2002) eta Sara Mancisidorrek (2002) ere. Unibertsitateko ikasketetara itzuliko dira eta maite dituzten kiroletako denboraldi berriei ekingo diete. Iraileko Baleike aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Solozabal psikologia ikaslea eta Realeko futbolaria da. Laugarren denboraldia izango du bigarren taldean. Mancisidor, berriz, gizarte langintza ikaslea eta iraupen erdiko atleta. Iaz aldatu zen BAT Bidasoa Atletiko Taldera, eta bertan jarraituko denboraldi honetan. Aguado, azkenik, arte ederretan eta eskubaloian aritzen da. Talde berrian orain, Barakaldoko Zuazora mugitu baita. Solozabalek bezala, berak ere bigarren taldean jokatuko du. 

Hiru kirolariak gogotsu daude datozen hilabeteetan izango dituzten erronkei begira. Aguadok dio aldaketa behar zuela eta eskubaloi jokalari bezala hobetzera doala Zuazora: “Fitxa bigarren taldean izango dut, baina lehen taldearekin entrenatuko naiz. Asko ikasteko aukera emango dit horrek. Hori da helburu nagusia, ikastea. Partidaren batean lehen taldearen deialdian sartu eta lehen mailan debuta egiteko ametsa betetzearen ilusioa ere hor dago, baina ez dit etsipenik ekarriko horretarako aukerarik ez izateak”. 



Zuazoko lehen taldearekin entrenatzea, hala ere, ez da berria izango Aguadorentzat. Aurreko denboraldian ere aritu zen beraiekin, baina asteburuetan Pulporekin jokatzen zuen. Arte Ederrak Bilbon ikasi eta astea bertan pasatzen duenez, talde bat bilatu zuen entrenatu ahal izateko. San Adrianen hasi zen, baina bi edo hiru entrenamendu baino ez zituen egin. Berehala pasatu zen Zuazoren bigarren taldera. Jokalari gutxiago zirela jakin zuen, eta horrek entrenamendu ariketak gehiagotan errepikatzeko aukera ematen zion. 

Barakaldoko taldean hilabete zeramanean, Joseba Rodriguez Haitok, lehen taldeko entrenatzaileak, ikusi zuen eta Euskadiko selekziotik ere ezagutzen zuenez, eurekin entrenatzeko gonbitea egin zion. Taldea utzi duen Ainhoa Hernandezekin egin zuen lehen entrenamendua oroitzen du Aguadok: “Miresten dudan jokalari baten alboan nengoen, eta entrenamendua amaituta argazkia eskatu nion halakorik berriro biziko ez nuelakoan. Gerora, ordea, astero ikusten genuen elkar eta lotsa apur bat eman zidan”. 

Solozabal ere entrenatu izan da inoiz Realeko lehen taldearekin. Une honetan, ordea, urrun ikusten du jauzia emateko aukera. Bestelakoa da helburua: “Ez dut esango lehen mailara igotzearekin amesten ez dudanik, bestela, gezurretan ariko nintzateke. Baina, zintzo diot hori ez dela une honetan dudan helburua. Iaz bete ez genuena bete nahi dut aurten, nire taldearekin mailaz igotzea”. 

2018an Realeko emakumezkoen bigarren taldea sortu zenetik, Solozabal bertan izan da, eta orain arte egin dituzten 3 denboraldietan, urtero igo dute maila bat, azkenekoan izan ezik. Helburua bete ez bazuten ere, Solozabalek uste du denboraldi txukuna osatu zuten eta berriari begira baliagarri izango zaiela.

 

Kohesio handiko taldea osatzea ere funtsezkotzat jotzen du, eta horretarako egingo du lan taldeko bigarren kapitain gisa. Gainera, orain arte ez bezala, aldaketa ugari izan dituzte taldean. Hasieratik egon diren jokalari batzuek ez dute jarraituko eta 5 berri daude. Haiei harrera egokia egitea eta taldeko dinamikan sartzen laguntzea izango da lehen zereginetako bat. Izan ere, Solozabalek berak dioen bezala, Reala eta Zumaiako ezberdinak dira alderdi horretan. Realean herri ezberdinetako jokalariak elkartzen dira eta Zumaiakon gehienak herrikoak dira eta aldez aurretik ezagutzen dute elkar.

Mancisidorren kasuan, pasa den denboraldian bete zuen bere desio handienetako bat: Espainiako Txapelketa jokatzea. 20 urtez azpiko Kross modalitatean estreinatu zen martxoan eta aire libreko 1.500 metroko distantzian ere aritu zen uztailean. Ezin izan zen finalera sailkatu, baina sekulako esperientzia izan zen eta bizitakoa “errepikatzea” da denboraldi berriari eskatzen diona. Aire Librekoak, Pista Estalikoak zein Krosseko Espainiako Txapelketak jokatu nahiko lituzke. Posible dituen guztiak.



Aurreko denboraldia orain arteko onena dela dio. BAT taldearekin estatu mailako atletismoko ligan aritu zen emakumezkoen maila gorenean eta inoizko marka onenak lortu zituen. Horiek hobetzea du beste erronketako bat. 

Horrez gain, Euskadiko txapeldun ere izendatu zuten maila nagusian 1.500 metrotan. Berak 3.000 metroko distantzia du gogokoen, baina ezin izango da gehiago lehiatu, oztopoekin ez bada. 23 urtez azpikoetatik aurrera desagertu egingo da lasterketa hori, eta maila horretara pasatu berri da Mancisidor. Aurrerantzean, aipaturiko 3.000 metroko oztopodun lasterketaren eta 5.000 metroen artean hautatu beharko du. Entrenatzaileak bigarrenaren alde egitea gomendatu dio, eta hala egingo du, baina luze samarra iruditzen zaio. Oztopo lasterketari dagokionez, behin baino ez da aritu, atletismoko ligan probatu zuen eta emaitza bikainarekin, gainera. Espainiako Txapelketara sailkatzeko gutxienekotik segundo hamarren bakarrera geratu zen. 

Entrenatu eta ikasi

Behin denboraldi aurrea amaituta, sasoiko pasabide neketsuena, Solozabal eta Aguado normal entrenatzen hasi dira. Mancisidorren kasuan, oraindik ez. Azarotik aurrera izango ditu lehen lasterketak. Atletak berak azaldu duenez, bere denboraldiak bi zati nagusi ditu, negukoa eta udaberrikoa: “Negukoan, pista estaliko eta Krosseko lasterketak izaten ditugu otsailera arte. Martxoan geldialdia egiten dugu, eta Aste Santu ondoren berrekiten diogu lehiari, pista irekian. Uztaila artekoa izan ohi da aire libreko denboraldia”.

Asteko ohiko plangintzari dagokionez, BAT Irungoa den arren, Donostian entrenatzen da Mancisidor astean hirutan. Bere abiadura antzekoa duen lagun talde batekin aritzen da arratsaldez, entrenatzaile baten gidaritzapean. Donostiako entrenamenduez gain, Zumaian beste bi korrika saio egiten ditu astean zehar. Kasu horretan ere entrenatzaileak agintzen dio egin beharrekoa. Ikasturte berrian, arratsaldez izango ditu klaseak pare bat egunetan, baina horrek ez du urduritzen. Moldatuko dela dio, ez omen du entrenamendu bakar bat galtzeko asmorik.

Ikasketak eta kirola uztartzerakoan, Solozabal ere ongi konpondu da orain arte. Astean lau arratsaldetan entrenatzen da Zubietan, eta goizez izaten ditu klaseak unibertsitatean. Ordutegi aldetik, beraz, arazorik ez du. Etxeko lanak egiteko izaten du zailtasun gehiago, baina dituen tarte guztiak aprobetxatzen ditu, bazkalostekoak eta entrenamendu ostekoak. Azken horietan, hori bai, nahiko nekatuta egoten da.

Entrenamenduetan, arlo fisikoa, teknikoa zein mentala lantzen dute, eta azken hori bereziki interesatzen zaio Solozabali. Astean behin, lehiarako prestatzen dituen psikologia saioa izaten dute taldean, eta bera lanbide horretarako prestatzen ari denez, arreta handiaz jarraitzen ditu profesionalak esandakoak.

Zuazon, astean 5 entrenamendu ditu Aguadok. Arratsaldez berak ere. Unibertsitateko klaseekin bat datoz zenbait egunetan, baina ordutegia aldatzeko esperantza du klubak egingo dion baimen bereziari esker. Hala ere, aste barruko egun guztietan entrenatzeak baino, exijentziak harritu du Aguado. Denboraldi aurrean, esaterako, goizez zein arratsaldez entrenatu da eta goizeko entrenamendu fisikoak inoiz izan dituen gogorrenak dira: “Udan, gimnasioan aldez aurretik prestatu nintzen, baina ezin izan nuen lehen entrenamendua amaitu”.
Reala eta Zuazo bezalako klub handien baliabideak ere nabarmendu dituzte bertan jokatzen duten bi kirolari zumaiarrek. Pandemiak guztia erabat baldintzatu duen honetan, Zuazok jokalariei bi astetik behin PCRak eta partida guztien aurretik antigeno testak egiten dizkiela azpimarratu du Aguadok. Solozabalek, berriz, Realean, psikologoaz gain, prestatzaile fisikoak edota analistak jartzen dituztela euren eskura.

Emakumeak eta kirola

Azken urteetan garapen handia izan du, baina Solozabalek arrakala handia ikusten du oraindik gizon eta emakumeen artean. Baita Realean ere: “Gure talde duela lau urte sortu zen eta urtez urte urrats handiak egin dira. Orain, hirugarren taldea sortu dute eta bi jokalari zumaiar izango dira han, esaterako. Baina asko dago egiteko oraindik”. Bigarren mailara igo berri den gizonen bigarren taldeak Anoetan jokatuko du denboraldi honetan; emakumezkoen lehen taldeak, aldiz, “bi edo hiru aldiz, asko jota”. 

Beste kirol askotan bezalaxe, atletismoan ere agerikoa da gizonentzat eta emakumeentzat araututako kirol jantzietan dagoen aldea. Olinpiar Jokoen erakusleihoak hausnarketarako atea zabaldu du eta Mancisidor ados dago emakume atleten kirol arropa sexualizatua dagoela dioten baieztapenekin. Bera topa eramatera ohitu da eta gaur egun erosoagoa egiten zaio, baina bere zenbait lagunek nahiago dute kamiseta. Horregatik, uste du zer jantzi erabakitzeko aukera izan beharko luketela. 

Aguadok genero bakoitzari ematen zaion oihartzunean ikusten du aldea jokalari gisa. Baina epailea ere bada, eta lan horretan bizi izan ditu unerik gogorrenak: “Nire bikotea gizona denean, nik jaso ohi ditut protesta eta kexa gehienak. Arauak ba ote dakizkidan eta titulua ba ote dudan galdetu didate, nire gaitasuna ezbaian jartzeko. Alboan dudan gizonarekin ez dute egiten. Gizonek gehiago dakitela eta niretzat arbitratzea denbora pasa dela pentsatzen dute, baina ni berdin prestatuta nago eta lanera noa”.

Solozabal ere sentitu izan da gutxietsita. Atzera begiratu eta baloiari lehen ostikoak ematen hasi zeneko garaia oroitzen du. Deseroso sentitzen zen mutil artean. Emakume izateagatik, sarritan ez zioten baloia pasatzen libre egon arren, eta bere golak ere ez ziren berdin ospatzen. Orain, harro sentitzen da noraino iritsi den ikusita.