Hondarribiko Grand Slamean garaipena eskuratu dute Lopezek eta Arbek

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 16a, 10:30

Partida gorabeheratsua izan zen, baina berdinketa hausteko jokatutako setean Erkiaga eta Etcheto mendean hartu zituzten Arbek eta Lopezek. 

Egunez egun egindako lanari esker iritsi ziren Lopez eta Arbe Hondarribiko Grand Slameko finalera, eta txapelketa irabaztea ere lortu dute. Atzo izan zen norgehiagoka, Jostaldi pilotalekuan, eta Erkiaga eta Etcheto izan zituzten aurkari partida gorabeheratsu batean. 
 
Arbe-Lopez bikoak lehen seta 15 - 7 irabazi zuen, aurkariek eginahalak egin arren, partidaren hasieran ez zirelako behar bezala kokatu. Bigarren seta, ordea, bestelakoa izan zen. Erkiagak ikusleak zutik jartzerainoko erakustaldia eskaini zuen, eta 6 -15 irabazi zuten urdinek. 
 
Berdinketa hausteko jokatu zen hirugarren eta azken setean, Arbek eta Lopezek Erkiaga eta Etcheto mendean hartzea lortu zuten, lehia estuaren ondoren. 
 
Denboraldi bikaina egin dute Lopezek eta Arbek. Hondarribiko Grand Slamaz gain, Mutrikuko eta Lekeitioko masterrak irabazi dituzte uda honetan.