[GUTUNA] Ireki ditzagun begiak

Zumaiako guraso batzuk 2021ko urr. 15a, 15:00

Kezkatuta gauden guraso batzuk gara, eta azken aldian Zumaian izan diren gertakari tamalgarriei buruz hausnarketa bultzatu nahiko genuke. Azken bolada honetan gure herrian bortxaketak, txikizioak etab. gertatu dira. Urriko lehen asteburuan gertatu zenaren inguruan idatzi nahi dugu, guztiok horren berri izateko.

Puntanoeta inguruan 13-14 urteko haur talde bat kale zurruta egiten ari zen larunbat arratsaldean. Horretan ari zirela, inguruan jolasean ari ziren 8 urteko ume batzuei hurreratzeko eskatu zieten. Haur batzuk hurreratu ziren, eta horietako bati graduazio altuko edari bat eman zioten laranjazko freskagarria zela esanaz eta edatera behartu zuten hala egin ezean joko zutela mehatxatuz.

Haurrak edalontzian zegoen guztia edan zuen eta bere lagunekin parkera itzuli zen. Handik pixka batera haurra gaizki sentitzen hasi eta zorabiatu egin zen. Bere lagunen gurasoek,  ondo ez zegoela ikusita, haurraren gurasoei eta anbulantziari deitu zioten. Haurra ospitalera eraman zuten intoxikazio etilikoarekin, eta han hiru ordu inguru egin zituen. Bere gorputza garbitu arte tratamendua eman behar izan zioten.

Zorionez, dena susto handi batean geratu bada ere, gertaerak larriak direla azpimarratu nahi dugu idatzi honen bitartez. Azken finean, haurrari edaria eman zioten gaztetxoen gurasoak eta denok herri berdinean bizi gara, eta kasu askotan elkar ezagutzen dugu.

Gertatu denaren larritasunaren inguruan hausnarketa bat egitera gonbidatzen ditugu eta denoi zer pentsatua ematea nahiko genuke. Horrelako zerbait edozeini gerta dakioke, eta denok arduraz jokatu beharko genuke geure seme alabekin. Gaztetxo hauen buruetan "graziosoa" den portaera batek ondorio oso larriak izan ditzake. Etxeetan eta eskoletan gai hauek gehiago lantzea nahiko genuke: nola une bateko portaera batek ondorio oso larriak izan ditzakeen, adibidez. Gainera, zenbat lantzen da txikienganako eta gainerako pertsonenganako errespetua eta ongi tratatzea? Gaztetxoen artean edatea oso ohikoa izateaz gain, drogak ere eskura dituztela ere kontuan izan beharko genuke, horren aurrean begiak itxi edo arazoa ezkutatu ordez. Guzti honek lanketa bat merezi du.

Zumaiako guraso batzuk