Janire Gonzalez Etxabarri izan da nagusi Junior Pro Europako Txapelketan

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 15a, 11:34

Asteazkenean hasi eta atzo amaitu zen Junior Pro Txapelketa, Hossegorren. Lehenbizikoz nazioarteko epaileen aurrean aritu ziren junior mailako surflariak. Adur Amatriain zazpigarren izan da gizonezkoetan; Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra lehen postuan sailkatu da emakumezkoetan.

Euskaldunek beren maila erakutsi dute Landetan jokatutako Junior Pro Europako Txapelketan. Emakumezkoetan Janire Gonzalez Etxabarri izan da onena. Denboraldiari amaiera bikaina eman dio, aurkari guztiak aise gainditu baititu zumaiarrak. Anette Gonzalez Etxabarri ahizpa, berriz, hirugarren postuan sailkatu da, Hossegorren erakustaldi ederra eman eta gero. Aelan Vaast tahitiarrak osatu zuen podiuma, bigarren sailkatuta.   

Mutilen kategorian Adur Amatriain zarauztarra zazpigarren sailkatu da. Finalaurrekoetan ezin izan zuen bere onena erakutsi, baina herrialdeko txapelketetan lortutako balentriei esker, Europako Txapelketan titulua eskuratzeko adinako abantailarekin iritsi zen Landetara. Onena Sam Piter frantziarra izan zen, eta haren atzetik sailkatu ziren Alfonso Antunes portugaldarra eta Jacobo Trigo espainiarra.