Emakume migratzaileen inguruko mahai-inguru mamitsua eskaini dute Emakumeon* Etxean

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 15a, 11:15

Gaiari ertz ezberdinetatik heldu zioten solasaldian parte hartu zuten hiru hizlariek. Hogei pertsonatik gora gerturatu zen Emakumeon* Etxean antolatutako lehenbiziko hitzaldira.

Irailaren 30ean zabaldu zituen ateak Zumaiako Emakumeon* Etxeak, abendura bitarteko egitarau zabala esku artean. Tailerrak, ikastaroak zein gai ezberdinen inguruko solasaldiak izango dira datozen asteotan.

Atzo ekin zieten hitzaldiei: Emakume migratzaileak transitoan: hego muga, Bidasoa eta haratago izenburupean, harrera sistemaz nahiz emakume migratzaileek bidaietan, mugetan, administrazioaren bidez nahiz helmugako herrialdean jasan behar dituzten indarkeria eta zapalkuntzez aritu ziren.

Honakoak izan ziren hizlariak: Ana Elena Altuna, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia elkarteko kidea; Anaitze Agirre Larreta, Irungo Harrera Sareko eta EHU Transiteus.eus proiektuko kidea; eta Luciana Alfaro, Emakumeen Mundu Martxako kidea.