Babespean ahaldundu izateko gune berriak

Gipuzkoako Hitza | Maria Ortega Zubiate 2021ko urr. 15a, 08:25

Gipuzkoako Hitza egunkariaren gaurko zenbakian emakumeen etxeen inguruko erreportajea landu dute. Zumaian zabaldu berri dutenari ere lekua egin diote erreportajean.

Espazio publikoa bereganatzeko aldarria ezaguna da mugimendu feministaren barruan. Kaleak izan ditu agertoki sarri. Baina “gune seguruak” ere badaude aldarrikapen horien artean, eta emakumeen etxe forma hartu dute azkenaldian. Babeserako, saretzeko. “Konspiratzeko” ere izan daitezkeela diote bertako kideek. Emakumeen etxeak goraldian daude Gipuzkoan; borroka feminista ahalduntzeko bidean, “espazio propioa” izatearen garrantzia nabarmendu dute haien dinamizatzaileek eta berdintasun zinegotziek. Horren adibide dira ireki berri dituzten Elgoibarko Lila Emakumeen Etxea, Zumaiako Emakumeen* Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. Etxe horiek “aldarrikapen historikoa” izan dira herri batzuetan, eta oraindik ere halako gune baten eske ari dira zenbait tokitan. Donostian, adibidez, manifestazioa egingo dute bihar, emakumeen etxe handiago bat eskatzeko.

Itsaso Lekuona Hernaniko Berdintasun zinegotziaren esanetan, Hernanin, Herriko Berdintasun Kontseiluak —mugimendu feministan aritutako norbanakoek osatua— egin dio eskaera udalari. Etxearen hausnarketa prozesuan, borroka feministaz gain, antirrazista ere batu zaie etxearen oinarriei. Horren garrantzia azaldu du Lekuonak: “Borroka antirrazista eta feminista hemen elkartzeak ateak zabaltzen dizkio gaur egun feminismoak esku artean duen eztabaidetako bati: feminismoan nola txertatu ikuspegi dekoloniala, antirrazista, jatorri desberdinetako emakumeen arteko aliantzen lanketa… Uste dugu oso momentu egokian datorrela gune hau, galdera horiei erantzuna ematen saiatzeko”.

Hori horrela, plaza horretan izango dute egoitza mugimendu feministako eta antirrazistako eragileek. Honako hauek egongo dira: alde batetik, herriko eragile feministak eta udaleko Berdintasun Saila; eta, bestetik, Amher SOS Arrazakeria, udalaren Kulturartekotasun arloa, udaleko Lankidetza arloa eta lankidetza politiketan parte hartzen duen herritarren talde bat.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitza-n.