Txikitasunean Handi, berriro

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 13a, 13:19

Bertso trama, Arroa Bira mendi irteera, mus txapelketa, erromeria, eta baserritarren eta artisauen azoka izango dituzte etzitik igandera Arroa Behean.

Iaz COVID-19aren pandemiak eragindako etenaren ostean, bueltan da Arroa Behean udazkeneko festen pareko bihurtu den Txikitasunean Handi asteburua.

Etzitik igandera bitartean, askotariko ekitaldiez gozatzeko parada izango dute arroarrek. Urtean zehar ere «herri giroa sustatzeko» asmoarekin hasi ziren antolatzen egitasmoa Arroa Beheko Festa Batzordeko kideak –herriko beste eragile batzuen babesarekin, Txikitasunean Handi elkartea osatu zuten–, eta aurten ere hori izan dute asmoa, «batik bat bertakoentzat pentsatutako» kultur eta jai giroko egitaraua osatzea eta horretaz gozatzea. Koronabirusaren eraginez, 2020an zein aurten Karmen jaiak ezin izan dituzte ospatu Arroa Behean –aurten bestelako ekitaldiekin ordeztu zituzten–, eta herritarrek Txikitasunean Handiren itzulera "gogotsu" hartuko dutelakoan daude antolatzaileak.

Berrikuntzekin

Ostiralean, aurtengo berrikuntzetako batekin irekiko dute egitaraua. 22:00etan hasita, bertso trama emanaldia egingo dute Maider Arregi, Eli Pagola, Jokin Bergara eta Maialen Akizu bertsolariek. Eguraldiak laguntzen badu, plazan arituko dira bertsolariak; bestela, pilotalekuan.

Larunbatean, Txikitasunean Handiren klasikoetako batekin hasiko dute eguna, Arrua Bira mendi bueltarekin; 09:00etan irtengo dira parte hartzaileak, plazatik. 17:00etatik aurrera, berriz, Txikitasunean Handi IV. Mus Txapelketa jokatuko dute tabernetan: izen ematea Txomin tabernan egin beharko da, 16:30 bitartean. Festa giroan bukatuko dute larunbata, Iratzar taldeak eskainiko duen erromeriarekin; ostiraleko bertsoak bezala, plazan edo frontoian izango da dantzaldia, eguraldiaren arabera.

Ostiralean berrikuntzekin hasi, eta igandean berrikuntzekin amaituko da 2021eko Txikitasunean Handi asteburua. Izan ere, Txara denda eta kooperatibakoekin elkarlanean, baserritarren eta artisauen azoka antolatu dute urriaren 17rako. Arroabean orain arte egin izan den era horretako azokarik handiena izango da igandekoa. Barazkiak, ogia, gazta, eztia, marmelada, sagardoa, arropak eta osagarriak, bitxiak, ukenduak, xaboiak, egur lanak... Askotariko produktuak ikusgai eta salgai jarriko dituzte inguruko baserritarrek eta artisauek azokan, eta taloak dastatzeko aukera ere izango da. 10:00etatik 14:00etara, auzoan zehar jarriko dituzten postuetan.