Hasiera ona Zumaiako hiru partaideentzat banakako Gipuzkoako Xake Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Kbi Zumaiako Xake Kluba 2021ko urr. 12a, 09:30

Larunbatean hasi, eta zazpi astean zehar jokatuko da Donostian.

Bi garaipen eta berdinketa bat lortu zituzten Xabier Aranzabal Agirrek, Oier Sarasketa Irastortzak eta Aitor Sarasketa Osak Gipuzkoako Xake Txapelketan.

Xabierrek debuta egin zuen lehen mailan, iaz, bigarren mailan jokatu eta igoera lortu baitzuen. Berdinketarekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta partida osoan zehar piezak hobeto kokatuta eduki. Oier eta Aitor, aldiz, estreinakoz aritu ziren hirugarren mailan, eta biek ala biek garaipenarekin hasi zuten txapelketa. Esan beharra dago Oier dela txapelketako xakelari gazteena eta partida erraz irabazi zuela; Aitorrek, aldiz, lan gehiago eduki zuen, baina garaipenarekin bukatu zuen.