Urriko GUKA magazina

GUKA magazina 2021ko urr. 8a, 22:00

Urriko lehen ostiralarekin batera dator GUKA magazinaren denboraldi berria. Aurreko sasoian bezala, Urola Kostako txokoak eta istorioak kontatzea helburu duen magazinaz gozatzeko aukera egongo da, bai Erlo telebistan, bai Urolako Komunikazio Taldeko tokiko webguneetan. Atari honetan ere jarraitu ahal izango da saioa. Andoni Egaña bertsolaria izango da urriko atal honetako protagonista nagusia.

Eskualdea osatzen duten txoko, istorio eta protagonistei ahotsa ematera dator beste denboraldi batez GUKA magazina. 

Urriko atal honetan, Zarautz bisitatu du Mireia Galarza kazetariak, eta Andoni Egaña bertsolariarekin izan da solasean. Berrikuntza nagusia Urrutira joan gabe atalak dakar; aurrerantzean, Xabat Olaizola izango da eskualdeko txoko bereziak erakusteaz arduratuko den aurkezlea, eta oraingoan Beizamako bazterrak erakutsiko dizkigu. Azpeiti-Azkoitiko Iraurgi Saskibaloi elkarteko koordinatzailearekin izango da Nerea Uranga kazetaria, eta aurreko denboraldian bezala, agendaren berri emango du Andoni Elduaienek.