Munduko ipuinak, zumaiarren ahotik Zumaiako haurrentzat

Mireia Galarza Bastida 2021ko urr. 9a, 12:55

Txina, Maroko, Paraguai, Frantzia, Senegal, Andorra, Britainia Handia, Armenia, Brasil eta Suediatik ekarritako ipuinak ezagutzeko aukera izango dute Zumaiako haurrek urriaren 15ean, 22an eta 29an.

Zumaiako Udaleko Kultura Sailak, eta Berdintasun eta Aniztasun Sailak Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, ipuin kontaketa saio bereziak antolatu dituzte haur liburutegian urrirako.

Hain zuzen, Txina, Maroko, Paraguai, Frantzia, Senegal, Andorra, Britainia Handia, Armenia, Brasil eta Suediatik ekarritako ipuinak ezagutzeko aukera izango dute Zumaiako haurrek urriaren 15ean, 22an eta 29an, eta 4 urtetik gorako haurrei zuzendutakoak izango dira.

Jatorrizko hizkuntzan kontatuko dituzte ipuinak, eta euskarara ekarriko dituzte jarraian. Esti Curiel aktore zumaiarra izango da kontakizun horiek guztiak harilkatuko dituena, eta saio bakoitzaren hasieran Musika Eskolako musikariek pieza bat eskainiko dute.

Herritarren eta eragileen laguntza

Ipuin kontaketek, hizkuntza ugari entzuteko aukera emateaz gain, herrialde askotako kultura, tradizio eta ondarea ezagutzeko aukera "aparta" eskainiko dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Honakoak dira ipuinak kontatuko dituzten herritarrak: Fu Chensi, Asmae Akrikez, Lidia Mariana Escobar Figueredo, Sebastian Cartier, Sambou Diaby, Thais Torra, Roanna Larsen, Hasmik Minasian, Jeisiane Katia Ferreira eta Anders Lanzén.

Ipuin kontaketetara joateko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, plaza kopurua mugatua izango delako. Ipuin kontaketa bakoitza baino bi egun lehenago eman beharko da izena, haurliburutegia@zumaia.eus helbidera idatzita.

Egitaraua

Urriak 15: Txina, Maroko eta Paraguaiko ipuinak. Fu Chensi, Asmae Akrikez eta Lidia Mariana Escobar Figueredoren eskutik.

Urriak 22: Frantzia, Senegal, Andorra eta Britainia Handiko ipuinak. Sebastian Cartier, Sambou Diaby, Thais Torra eta Roanna Larsenen eskutik.

Urriak 29: Armenia, Brasil eta Suediako ipuinak. Hasmik Minasian, Jeisiane Katia Ferreira eta Anders Lanzénen eskutik.