Garbiñe Arrieta eta Iñaki Oreja: "Hau ez da galeria bat, lan egiteko estudio bat baizik"

Maria Maya Manterola 2021ko urr. 9a, 11:00

Garbiñe Arrieta eta Iñaki Oreja margolari zumaiarrek IGart Studio arte estudioa zabaldu zuten martxoaren amaieran Sanjuaniturri pareko sorazutarren lokalean. Lokalaren nondik norakoez eta eskuartean dituzten proiektuez aritu dira Baleikerekin.

(Iraileko Baleike aldizkarian argitaratu zen elkarrizketa hau)

Nola ezagutu zenuten elkar?

G.A.: Forondara joaten ginen pintura tailerrera. COVID-19aren eraginez, ordea, saioetako ordutegiak aldatu zituzten, eta nik ezin izan nuen jarraitu tailerrera joaten. Ezagutzen ginen, eta lokala hartzearena planteatu genuen. Alde Zaharrean begiratzen hasi, eta hauxe topatu genuen.

I.O. : Ni 2019an hasi nintzen, eta honezkero 130 koadro izango ditut. Ander Hormazurirekin hasi nintzen, eta etxean margotzen jarraitu nuen. Ez zitzaizkidan etxean koadroak sartzen, eta orduan hitz egin nuen Garbiñerekin.

Bilduma handia pilatu duzue azken urteotan. Salgai daude?

G.A.: Lehendik ere bageneuzkan batzuk, eta horietako batzuk saltzeko dauzkagu, bai. Beste batzuk norberarentzat geratzen dira.

I.O.: Nik guztiak dauzkat salgai. Hau ez da galeria bat, lan egiteko estudio bat baizik. Hemen egiten dugu lan, eta tarteka ateak zabaltzen ditugu, jendea lanak ikustera sar dadin eta, lanen bat gustatuz gero, saltzeko aukera izan dezagun.

G.A.: Bestetik, prest gaude estudioa uzteko beren lanak erakutsi nahi dituzten zumaiarrei, proiektuaren parte da hori ere. Oxforden erakusketa egitea zaila da; itxaron zerrenda luzea dago. Herrian badaude beste margolari batzuk, eta norbaitek nahiko balu, hitz egingo genuke.

Astean zenbatetan etortzen zarete?

G.A.: Nik libre ditudan tarteak aprobetxatzen ditut etortzeko. Boladak izaten ditut, baina gustatzen zait behin etorrita, ordu batzuk egitea hemen. Lana hobeto egiten dut horrela, eta ez egunean ordubete edo bi eginda.

I.O.: Ni 16:30etik 20:00ak aldera arte izaten naiz estudioan. Margotu egiten dut, infusio bat hartu… Arratsalde osoa pasatzen dut hemen.

Iñaki, zuk margo abstraktuak egiten dituzu.

I.O.: Bai. Horrelako lanak egiteko asko pentsatu behar da zer egin nahi duzun, zein kolore erabiliko dituzun… Hemen lanean lau ordu egon arren, egun osoa ematen dut egingo dudan horri bueltaka. Artistaren lana egunean 24 ordukoa da.

G.A.: Margotzea terapeutikoa da niretzat. Koadroan sartuta zaudenean, goizean jaiki eta lehenengo pentsamendua koadroaren ingurukoa da. Eta uste dut margotzen dugun guztiok berdin sentitzen dugula.

Norberak bere txokoa du estudioan?

I.O.: Garbiñeri argitasuna gustatzen zaio margotzeko. Nik, berriz, nahiago dut argi gutxirekin lan egin, koloreak hobeto hautematen ditudalako.

G.A.: Bai, egia da. Batzuetan esaten diot: ‘Baina nola margotu dezakezu hor, ilunpean?’.Nik erakusleihoaren ondoan margotzen dut.

Garbiñe, zuk, berriz, figuratiboak egiten dituzu.

G.A.: Bai, erretratuak lantzen ditut asko. Pila bat gustatzen zait. Enkarguz erretratuak egiteko eskakizunak jaso ditut, eta hasi naiz pixka bat horretan lanean. Proiektu bat itxita daukat, eta hemendik aurrera horretan zentratzea gustatuko litzaidake.

Urrian erakutsiko dituzue zuen lanak Oxford aretoan.

G.A.: Bai. Guretzat gure lana ezagutzera emateko aukera bat da. Urriaren 1etik 17ra arte izango da.

Hautatu dituzue erakusketara eramango dituzuen koadroak?

I.O.: Garbi dago Garbiñek baino lan gehiago ditudala nik. Frantziako iparraldean egingo den erakusketa batean parte hartuko dut, eta handik bueltan ekartzen ditudan koadroekin osatuko dut bilduma.

Erlazionatuak

Zabalik da 'Mugimendua eta kemena' erakusketa Oxford aretoan

Iñigo Gaiton / Juan Luis Romatet 2021 urr 02 Zumaia