Intzidentzia tasa zerora jaitsi da Zumaian

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 8a, 13:43

Izurritea urrutiratzen ari dela dirudi. Azken hamalau egunetan ez da kasu positiborik izan Zumaian, eta intzidentzia tasa zerora jaitsi da. Normaltasunaren bidean jarraitzen du herriak.

Irailaren 23an detektatu zen azken kasu positiboa Zumaian. Ordutik, Osasun Sailak ematen dituen datuen txostenean zero bat bestearen atzetik etorri dira. Hamalau zero jarraian, hamalau egun kasu positiborik detektatu gabe herrian. 

Intzidentzia tasa ere beherantz joan da egun hauetan. Pasa den astea oraindik ere eremu horian pasa zuen Zumaiak, 61 punturekin eremu berdean sartzeko atarian. Aste honen hasieran, baina, berdez margotuta esnatu zen herria, eta egunetik egunera beherantz jarraitu zuen herriak. Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuetan zeroz beteta agertzen da Zumaiako markagailua: bai eguneko kutsatuei dagokionez, baita intzidentzia tasari dagokionean ere. 

Eskualdeko beste herrietako egoera ere antzerakoa da: Aiak, Aizarnazabalek, Beizamak, Errezilek eta Oriok ere zeroan dute intzidentzia tasa; puntu bateko kasu metatuen tasa dute Azpeitiak eta Getariak, hirukoa Zarautzek, laukoa Azkoitiak, eta 51,36koa Zestoak –irailaren 25etik ez dute kasu positiborik detektatu herri honetan–.