Itzalaldia egingo dute gaur argindarraren prezio igoera salatzeko

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 8a, 08:26

Azken asteetan argindarraren prezioa igotzen ari da egunez egun, eta markak hausten jarraitzen du. Horren harira, deialdia egin zaie herritarrei egoeraren aurrean "nahikoa da" esateko, eta gaur gauean, 22:00etatik 22:30era, itzalaldia eta lapiko-jotzea deitu da. Euskal Herrian bakarrik ez, Herrialde Katalanetan eta Galizian ere egin dute deialdia.

Sindikatuek, alderdi politikoek eta hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin. Zumaiako itzaladia deitu dutenak ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuak, EH Bildu, pentsiodunen mugimendua, Malen Etxea, mugimendu feminista, Errefuxiatuen Harrera Elkartea, Darahli, Gure Esku, Natur Taldea, Etxebizitza Asanblada eta Ernai dira.

Deitzaileek nabarmendu dutenez, pertsonak, familiak edota negozio txikiak dira argindarraren igoera hau jasaten ari direnak. "bizirauteko oinarrizkoa den argindarraren zerbitzuak publikoa eta gardena izan behar du, ez enpresa pribatuen negozio interesen menpekoa", azpimarratu dute.

Gaineratu dutenez, "prezioei mugak jartzeko, arlo publikotik esku hartzeko eta publikoa zena berreskuratzeko menpekotasun eta oztopoak gainditzea beharrezkoa da". "Euskal Herriak, estatuko beste nazioek bezala, tresna propioak behar ditu iruzur elektrikoari aurre egiteko eta burujabetza energetikoa bidean behar diren neurriak hartzeko", narbamendu dute.

Etxeetan eta plazan

Gauean egingo da itzalaldia, 22:00etatik 22:30era, Deskonektatu elektriketatik! lelopean. Etxeetan daudenei balkoira edo leihora atera eta lapikoak jotzea eskatzen zaiei; kalean daudenak, aldiz, Amaiako plazan elkartuko dira protesta ekintza hau egiteko.