Normaltasunera itzuliko da Lubakiko eta kirol ekitaldietako funtzionamendua bihartik aurrera

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 7a, 17:49

Osasun larrialdia indargabetu ondoren, Eusko Jaurlaritzak onartutako azken dekretuaren arabera, aforoak neurtzeko arauak ere bertan behera geratu dira. Horrez gain, Lubaki kiroldegira joateko ez da txandarik hartu beharrik izango aurrerantzean. 

LABI batzordeak pasa den arteartean hartutako erabakiarekin bertan behera geratu da osasun larrialdia, eta orain arte indarrean izan diren neurri murriztaile gehienak ere indargabetuta geratu dira. Besteak beste, espazioetako edukieran, kultur eta kirol ekitaldietan eta ostalaritzan aldaketak eragin ditu aro berriak.

Aldaketa handienak kiroldegian eta kultur jardueratan nabarituko da gehien Zumaian. Kiroldegira joateko, aurrerantzean, ez da txandarik hartu beharko. Baina, pandemiaren ondorioz hartutako zenbait neurri oraindik ere mantenduko dira. Aldageletan, adibidez,, orain arteko antolaketa sistemarekin jarraituko da Lubaki kiroldegian, eta eremu edo jarduera-gune bakoitza erabiltzean, bertako aldagela soilik erabili ahal izango da. Udalaren esanetan, funtzionamendu arrunta berrezartzen denez, urtarriletik aurrera bazkideek kuotaren %100a ordaindu beharko dute.

Kultur arloan ere eragin nabarmena izango du azken erabakiak, orain arteko aforo arauak bertan behera geratuko dira eta. Horrenbestez, kultur ekitaldietarako sarreren lehengo funtzionamendua berreskuratuko da. Hala, sarrera duten ekitaldietan, herritarrek bi aukera izango dituzte: sarrera aurrez turismo bulegoan erostea eta, sarrerarik geratuko balitz, sarrera ekitaldiaren hasieran aretoan bertan erostea. Edonola ere, sarrerak aurrez erosteko aholkua ematen du Udaleko Kultura Sailak. Doako ekitaldien kasuan, ordea, ekitaldi bakoitza iragartzean zehaztutakoa jarraitu beharko dute herritarrek.

Hala ere, kirol eta kultur espazio itxietan, maskara erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraitzen duela gogoratu du Zumaiako Udalak, eta osasun neurri orokorrak betetzen jarraitzea eskatu nahi die herritarrei.