Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko bigarren deialdia ireki du udalak

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 7a, 14:51

Ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak lagunduko ditu diruz.

Euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko bigarren aukera zabaldu du Zumaiako Udalak. Bigarren deialdi hau, gehienbat, udako ikastaroak egin dituztenei zuzenduta dago, eta urriaren 15era arte izango dute eskazkizunak aurkezteko epea. Diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak.

Udalak azaldu duenez, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira dirulaguntzen onuradun. 

Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko baldintza batzuk bete beharko dituzte:

  • Zumaian erroldatuta egotea
  • Gutxienez, % 80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea
  • Betebeharrak eguneratuak izatea Udalarekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.

Langabeek matrikularen %100 eskuratu ahal izango dute ikastaro guztietan, trinko eta barnetegikoetan izan ezik. Horietan, gehienez ikastaroaren %75 ordainduko zaie. Gainerako ikasleei, ohiko ikastaroak zein edo barnetegietakoak direnean, %75 ordainduko zaie gehienez.

Eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

  • Eskabidea beteta
  • Nortasun agiriaren fotokopia
  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria
  • Asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.
  • Hirugarrenen alta emateko agiria (baldin eta aurrez aurkeztu ez bada edota aurreko kontua aldatu bada)

Interesdunek Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) eta Udalaren webguneko dirulaguntzen atalean izango dute eskura eskabidea, baita laguntzen deialdiari buruzko xehetasunak ere. Eskaera telematikoki egiteko aukera ere badago, Herritarren Atarian.