'Antuxuna' proiektua aurkeztuko du Nagore Etxabek bihar Oxforden

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 6a, 15:14

Geldirik egoten ez dakien musikaria da Nagore Etxabe zumaiarra. Proiektu batzuetako partaide, 'Antuxuna' izeneko egitasmoa jarri du orain martxan, eta bihar aurkeztuko du Oxford aretoan. 

Euskal abesti zaharrak aukeratu eta "folk teknologiko/elektroniko kutsuarekin" birmoldatu ditu Etxabek Antuxuna izeneko proiektuan. Musika bakarrik ez, zuzeneko irudiekin uztartu nahi ditu abesti hauek agertokian.

Baninduaien Kantatzera izeneko zuzeneko emanaldia prestatu nahi du orain, eta horretarako mikromezenasgora jo du zumaiarrak. Azaldu duenez, Foru Aldundiak bultzatzen duen PiztuMeta2021 diru bilketa kanpainaren barruan egonda, instituzioak bere ekarpena egiteko lehenbizi artistak bere partea egin behar du. 

Horren berri emateko, aurkezpen ekitaldi bat egingo du bihar, osteguna, 18:30ean hasita, Alondegiko Oxford aretoan. Proiektuaren xehetasun gehiago emango ditu bertan. Hala ere, norbaitek lagundu nahi badu proiektua aurrera ateratzen, hemen dauka aukera.