Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek enpresa hitzarmena izango dute lehendabizikoz

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 4a, 17:40

Zumaiako etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren enpresako lehen hitzarmena sinatu dute ELA sindikatuak eta Eulen Soziosanitarioak enpresak. Hitzarmenak 2023ra arteko indarraldia izango du.

Hiru urteko negoziazioen emaitza da ELA sindikatuak eta Eulen Soziosanitarioak enpresak sinatutako hitzarmena. Akordio hau 2023ra arte izango da indarrean, eta KPIaren gaineko soldata igoerak barne hartuko ditu. Sindikatuak jakinarazi duenez, gutxienez %9ko gehikuntza izango du hiru urtean, eta 2023rako 1.556 euroko oinarrizko soldata izango dute langileek.

Aipatutakoez gain, hitzarmenak "gutxieneko lanaldia arautzeko eta kontratazioa hobetzeko neurriak ere ezartzen" dituela iragarri du sindikatuak, "baita etxe batetik bestera joateko bidaien hilabeteroko konpentsazio ekonomikoa" ere.

ELAren ustetan, "garaipen handia da kolektibo osoarentzat sektoreko erreferentziazko" hitzarmena bihurtuko delako Gipuzkoan. Sindikatuaren esanetan, 2014tik zeuden langileak lan baldintzak hobetu gabe eta "oso urrats garrantzitsua eman da sektore honetan hain zabalduta dagoen prekarietatea ezabatzeko bidean".

Zumaiako etxez etxeko laguntza 27 emakumek osatzen dute. ELAk azpimaratu duenez, "lorpen hau ez litzateke posible izango langile horien guztien antolakuntza eta borrokarik gabe. Langileek azken hilabeteotan eginiko mobilizazio dinamikek udalak eta enpresak behin betiko urratsak ematea ahalbidetu du. Beste behin ere, argi geratu da mobilizazioak eta langileen borrokak bere fruituak ematen dituela".

Zumaiako gizarte-eragile eta herritar guztiei ere eskerrak eman dizkie ELAk, "arrakastaz amaitutako borroka honetan laguntzeagatik".