Zazpigarren egin dute Irati Osak eta Arantza Toledok Munduko Txapelketan K2 modalitatean

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 4a, 08:37
Osa, artxiboko irudian

Dominagatik lehiatzen aritzea zen bikotearen helburua, baina halakorik lortu ez arren, "gustura" dago piraguista zumaiarra, "ahal genuen guztia eman dugulako eta uneoro borrokatu dugulako".

"Oso gustura gelditu gara, nahiz eta pixka bat gehiago nahi genuen, gure helburua zelako domina lortzeko lehian ibiltzea". Hala adierazi du Errumaniatik Irati Osa piraguista gazteak, Munduko Txapelketa amaitu berritan K2 modalitatean.

Arantza Toledo eta biak lehiatu dira senior mailan, eta zazpigarren amaitu dute txapelketa. Osak esan du hasieratik borrokatu behar izan dutela asko. "Irteera azkarra izan da, pistako abiaduran entrenatzen duen jendea atera da, eta pixka bat kosta egin zaigu".

Aurreratzen joan dira, "baina ezin izan ditugu aurreneko hirurak harrapatu". Bigarren taldean joan dira, "eta ziaboga batean daniarrek pixka bat molestatu egin digute, eta atzean gelditu gara". Berriz haiengana iritsi behar izan dute, baina berriz atzean gelditu dira, "olatua kendu digute eta".

Ondorioz, lasterketa osoan bakarrik egin behar izan dute bidea, eta "nahiko gogorra izan da, denbora guztian tira behar izan dugulako". Hala ere, "gustura" gelditu dira, "elkarrekin ondo" egin dutelako lan, eta "ahal genuen guztia emanda, uneroko borrokatu dugulako". 

Hausnarketa ere bai

Osak hausnarketa ere egin du: "Batzuetan ez zaio emaitzari bakarrik begiratu behar, orain arteko lana kristorena izan delako. Maila altua dugu eta pixkanaka-pixkanaka, urtez urte, eta eguneroko lan gogorraren ondorioz, joango gara hobetzen".

Garaipena Emese Kohalmik eta Eszter Rendesy hungariarrek eskuratu dute, 01:55:07 denborarekin, eta bigarren Espainiako selekzioko Tania Fernandez eta Tania Alvarez izan dira, 01:55:12 denborarekin. Hirugarren tokia Hegoafrikako Jenna Ward eta Saskia Hocklyrentzat izan da; 01:55:21 denbora egin dute horiek.

Bezperan, K1en lehiatu zen Osa, eta hamahirugarren egin zuen.