XII. Flysch Traila

Erraztasun handiarekin irabazi dute maratoia eta munduko kopa Raul Criadok eta Charlotte Morganek

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 3a, 14:27

Hogeita lau minutuko aldea atera dio gizonezkoetan Criadok bigarren izan den Ismail Razgari, eta zazpi minutukoa, berriz, Morganek Oihana Kortazarri. Jokin Gijarro zumaiarra bosgarren sailkatu da.

Sekula baino gogorragoa zen aurtengo Flysch Trail mendi lasterketako ibilbidea, Munduko Koparako puntuagarria zelako, eta horri euria, haizea eta lokatza gehitu behar izan dizkiote gaur. Batzuei "ondo" etorri zaizkie baldintza horiek, lasterketa amaitu berritan Raul Criadok hedabide honi aitortu dionez. Aragoiko gaztea gailendu da nagusitasun osoz gizonezkoetan, maratoia 4:35:16 denboran osatu eta Ismail Razga bigarrenari hogeita lau minutuko aldea aterata. 

Criadok esan du bazuela gogoa lasterketa hau egiteko, eta eguzkitan baino nahiago zuela gaurko baldintza gogorretan aritu. Hala ere, "ezustean" harrapatu omen du garaipen bikoitzak, XII. Flysch Trail maratoiaz gain, Munduko Kopa ere irabazi baitu –Zumaiakoa zen azken proba puntuagarria–. Ibilbidea eta paisaia asko gustatu zaizkiola esan du, eta teknikoki toki arriskutsuren bat egon den arren, ez duela aparteko trabarik aurkitu.

Criado lasterketaburu zen 17. kilometrorako, Andutzen. Ordura arte  Razga zebilen aurretik, baina ezin izan dio Criadoren erritmoari jarraitu.

Hirugarren Igon Manzisidor sailkatu da, 5:03:22 denborarekin. Debarrak ondo baino hobeto ezagutzen zuen ibilbidea, eta halaxe aitortu du: "Andutz inguruan entrenatzen dut eta gaur, ikusita nolako ibilbide gogorra jarri duten, tentuz joan naiz, eta nire estrategia izan da indarrak amaierarako gordetzea". Ondo baino hobeto egin ditu kalkuluak, eta podiumean sartzea lortu du.

Eremu arriskutsuren bat ikusi du debarrak ibilbidean. "Jende asko ibiltzen ez den tokiren bat bazen nahiko arriskutsua, eta espero dut inork ez zuela minik hartuko". Gainerakoan, korrika egiteko tenperatura ona eta jan-edanerako nahikoa postu bazeudela azpimarratu du Manzisidorrek.

Emakumezkoetan, Eskoziara txapela

Emakumezkoetan Oihana Kortazar elgetarra atera da lasterketaren buruan. 2019an berak irabazi zuen proba, baina gaurkoan aurkari sendoa topatu du ibilbidean zehar: Charlotte Morgan eskoziarra. Elkarrekin egin dituzte aurreneko kilometroak, baina aldapa behera hasi direnean hartu dio aurrea Morganek, Kortazarrek berak kontatu duenez, eta elgetarra ez da gai izan jarraitzeko: "Ikusi dut arrisku gehiago nuela min hartzeko, lasterketa irabazteko baino", airtortu du.

Hala, bigarren postua bermatu nahi izan du, eta baita lortu ere. Morganek zazpi minutu atera badizkio Kortazarri 5:18:30 eta 5:26:25 denborak eginda hurrenez hurren, Kortazarrek hirugarrenari ordubete eta hamaika minutu atera dizkio. Belen Perez izan da podiuma osatu duena 6:29:55 denbora eginda, eta Nerea Amilibia zarauztarra helmugaratu da laugarren.

Morganek eta Kortazarrek lan benetan ona egin dute, gizonezkoak kontuan hartuta ere sailkapeneko aurreneko postuetan sailkatu baitira: seigarren Morgan, eta bederatzigarren Kortazar.

Antolatzaileek azpimarratu dute parte hartzaile guztien %35 izan direla aurten emakumezkoak, eta duela hiru urte %15ekoa zela kopurua.

Ikusi hemen sailkapena osorik.

Ibilbideak