XII. Flysch Traila

Eguraldi makurrarekin hasi dute korrikalariek XII. Flysch Trail lasterketa

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 3a, 09:01

07:35ean atera dira maratoia egiten ari direnak gaur goizean Eusebio Gurrutxaga plazatik: ilunpetan, eta euri-zaparradatan. 08:30ean, berriz, maratoi erdia egiten ari direnak, horiek ere euripean. Eguraldiak hartu du protagonismoa, baina parte hartzaileek ez dute umorea galdu.

Euria, haizea... Ez da giro gaurkoan, eta eguraldi makurrarekin ari dira egiten XII. Flysch Trail mendi lasterketa maratoi eta maratoi erdiko korrikalariak.

Goizean goiz hasi du euria, eta ez du atertu ordutik. Hala ere, 07:35an abiatu da maratoia, bost minutu eskaseko atzerapenarekin, eta 08:30ean hasi dira maratoi erdikoak lasterka, taldeetan, bost minutuko tartearekin ateraz. Guztira, 700 korrikalari inguru.

Maratoikoek ilunpetan abiatu dute ibilbidea, baina zale gutxi batzuk bazeuden ordurako Eusebio Gurrutxaga plaza inguruan, animoak ematen. Dezentez jende gehiagoren txalo artean hasi dira korrika, berriz, maratoi erdikoak.

Korrikalariek nahiz ikusleek, denek bilatu dituzte plaza inguruko aterpeak euritik babesteko, baina umorea galdu gabe egin diote aurre gaurko eguraldiari.

Antolatzaileak zuzenean ari dira eskaintzen lasterketa streammingez, eta sari banaketa 12:30ak aldera izango dela aurreikusten da.

13:00etan, berriz, Amaia Aranzabal eta Josu Bereziartua mendigoizaleak omenduko dituzte. Bergarakoa da Aranzabal, eta azpeitiarra Bereziartua, eta Errezilen bizi dira.