"Oso pozik" da Osa K1ean hamahirugarren postua eskuratuta Munduko Txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 2a, 18:38
Osa eta Toledo, Errumanian, biharko lehiarako gogotsu (Argazkia: Irati Osa)

Seniorretan lehiatu da munduko 23 piraguista onenekin batera Errumanian, eta "oso gustura" da egindako lanarekin: "Oso gustura bukatu dut lehiaketa, lehenengo bi bueltetan buruan joan bainaiz". Bihar K2an lehiatuko da, Arantza Toledorekin.

Errumanian ari da jokatzen asteburuan piraguismoko Munduko Txapelketa, senior mailakoa, eta bertan parte hartzen ari da Irati Osa zumaiar gaztea.

Gaur eguerdian jokatu du aurreneko proba K1ean, eta hamahirugarren eginda, "oso pozik" gelditu da emaitzarekin. Ez alferrik, munduko 23 onenekin lehiatu da, eta haien parez pare ibili da. "Oso gustura bukatu dut lehiaketa, lehenengo bi bueltetan buruan joan bainaiz. Oraindik gaztea naiz beraiekin alderatuta, eta pixkanaka, eguneroko lan ona eginez, gerturatzen noa urtetik urtera", iritzi dio.

Osak azaldu du "erreferentziarik gabe" joan dela gaurko lehiara, seniorretako aurreneko urtea duenez. "Beste guztiek aurrez lehiatu izan dute elkarren kontra, baina nik ez".

Munduko txapela Kiszli Vanda hungariarrak jantzi du, proba 2 ordu 5 minutu eta 14 segundotan amaituta. Aurrez ere urrezko domina asko lortutakoa da Vanda.

Biharko prest

Bihar K2an lehiatuko da Osa, Arantza Toledo kidearekin batera, eta gogotsu dago: "Gure bigarren senior K2 txapelketa izango da. Ondo hasi ginen Txinako mundialean brontzea lortuta. Gogotsu gaude biharko, lan ona egin dugu orain arte, eta ilusio osoz aterako gara", esan du.

Estropada 11:00etan hasiko da, (Errumanian 12:00ak direnean) eta zuzenean ikusi ahal izango da Planet Canoeren YouTubeko kanalean.