2022rako ordenantza fiskalek %1,5eko igoera orokorra izango dute

Juan Luis Romatet 2021ko urr. 1a, 16:01

Ostegun arratsaldean egin zen iraileko ohiko plenoan datorren urterako tasak eta zergak aztertu zituzten. Ordenantza fiskalak aurrera atera ziren EH Bildu eta PSEren aldeko botoekin; EAJk kontra bozkatu zuen. 

2022rako ordenantza fiskalen inguruan udal gobernuak aurkeztutako proposamen aztertu zuen atzo arratsaldean egindako ohiko udalbatzak. Aurreko hilabeteotan bezala, eta osasun neurriak mantentzako, Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hamazazpi zinegotzietatik bederatzik bakarrik hartu zuten parte: EH Bilduko bostek, EAJko hiruk eta PSEko bakarrak.

Arantxa Gajate Ogasun Zinegotziak eman zuen ordenantza fiskalen proposamenaren berri. Azken bi urteetan izoztu egin zituztela gogoratu zuen, baina aurten "egoera bere onera erortzen" ari dela eta, tasa eta zergen %1,5eko igoera orokorrea planteatzen zutela azaldu zuen. Salbuespen batzuekin, hori bai. Hala, gizarte zerbitzuetako tasa guztiek izoztuta jarraituko dutela adierazi zuen, "kolektibo zaurgarrienak babesteko helburua betetzeko". Ludotekako zein Lubaki kiroldegiko tasak bere horretan mantenduko direla azaldu zuen, baina "zerbitzuak bere onera itzultzen ari diren honetan, tasa %100ean kobratuko da aurrerantzean". Kultur arloko prezioetan, aldiz, sailkapen berria sortuko dutela iragarri zuen, "gazteak kultur mundura gerturatzeko erraztasunak emateko".

Beste zenbait tasa eta zergek %1,5eko igoera baino handiagoa izango dutela ere aipatu zuen. Ur hornidurari aplikatuko zaion igoeraren inguruan, Gajatek azaldu zuen Ur kontsortzioak %5,9ko igoera ezarri duela 2022rako, "azken urteetan ezarri duen igoerarik handiena". Hori dela eta, lehenengo tramoetan %3,5eko igoera izango dela aurreratu zuen –"hau da, familiei gehien eragitzen dien tramoan"–, eta gainontzekoetan %5,9. "Proposatutako igoerak familien fakturan batez beste suposatuko duen igoera euro baten igurukoa izango da hiruhileko". Gajatek gaineratu zuen "igoera horrek udal kontuetan sortzen duen defizita zerbait arinduko" duela, "familiei kalte handirik egin gabe". 

Kirol patronatuko tasei ez zaie KPIaren igoera aplikatuko, baina kuotak %100era bueltatuko direla iragarri zuen, iaz %70era jaitsi ondoren. 

Hobariak

Energia aprobetxamendu sistema denak hartuko dira kontuan hobariak aplikatzeko orduan. "Aurreko ordenantzetan eguzki plaka sistemak bakarrik onartzen ziren hobariak aplikatzeko. Energia berristagarri sistema gehiago sartzean (...) hobarien kopurua %50etik %40ra jaistea proposatuko dugu, beti ere udal sarreretan izan dezakeen ondorioa kontuan hartuta", azaldu zuen Ogasun Zinegotziak. 

Bestalde, Foru arauetan izandako aldaketa bat dela medio, etxebizitza hutsen errekargua ez izateko salbuespenetan kontsumo energetikoaren atala aldatuko da, gasa eta uraren fakturak aurkezteko aukera emanez. 

Familia ugarien hobaria, aldiz, errentaren eta familia kategoriaren arabera sailkatuko dela ere azaldu zuen udalbatzarrean. Familia ugari berezien kasuan, bestelako familia ugarien hobaria baino %10 handiagoa izango dela ere iragarri zuen. 

Amaitzeko, lokaletan etxebizitzak atontzeko ordenantzan ere aldaketak izango dira. Alde Zaharreko zenbait eremu –Sanjuaniturri ingurua, Foruen plaza eta San Jose kalearen hasiera– esklusiboki jarduera komertzialetara gordeko dira, baina beste kale batzuetan –Zunbilo edo Harategi kaleetan, esaterako– lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera izango da. 

PSE alde, EAJ aurka

Bozkatzerako orduan, iritzi kontrajarria izan zuten oposizioko bi alderdiek: PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek aldeko botoa eman zuen; EAJko hiru zinegotziek, aldiz, aurkakoa.

Marañonek azaldu zuenez, beste herri batzuetan ere %1,5 igo dira tasak eta zergak, baina gizate gaietako tasak izoztea ondo ikusi zuen. 

EAJko zinegotziek, berriz, "lanketa kaskarra" egotzi zioten udal gobernuari, eta hori izan zen proposamenari ezezkoa emateko arrazoietako bat, nahiz eta, onartu zuten, "proposamen zehatzak" ere egin zituzten. Horrez gain, udaleko sail batzuetan azterketak egitea beharrezkotzat jotzen zutela ere azaldu zuten.