'Gure lurriña' lelopean, bazkide berriak erakartzeko kanpaina abiatu du Biolur elkarteak

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 2a, 09:00

Modu ekologikoan lan egiten duten Gipuzkoako nekazari, abeltzain eta okinen bilgune nagusia da Biolur. Irabazi asmorik gabeko elkartea izanik, bidelagunak behar dituzte elikadura burujabetza ardatz duten egitasmoak lantzen jarraitzeko, eta horiek lortzeko kanpaina jarri dute martxan. Azpeitiko plazan egin dute aurkezpena, eta han izan dira elkarteko bazkide diren Urola Kostako ekoizleak eta herritarrak.  

Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkarteak Gure lurriña kanpaina jarri du martxan. Bi helburu ditu egitasmoak: elkartea ezagutzera ematea bata, eta bidelagun edo bazkide berriak erakartzea bestea, Euskal Herrian elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren bidea egiteko, "lankidetza ezinbestekoa" ulertuta. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten kanpaina Azpeitiko plazan, eta han bildu ziren elkarteak Urola Kostan gaur egun dituen bazkideak.        

Biolur irabazi asmorik gabeko elkartea da eta 1993an sortu zuten. Ia hiru hamarkada beranduago, modu ekologikoan lan egiten duten Gipuzkoako nekazarien, abeltzainen eta okinen bilgune nagusia da. Guztira, 278 bazkide ditu: horietatik 125 bazkide ekoizleak edo baserritarrak dira; eta beste 153ak, bazkide herritarrak. Urola Kostan, 47 bazkide ditu. 

Elkartearen jardunak beti izan du elikadura burujabetza ardatz, eta egungo testuinguruak horren beharra are agerikoago egin duela uste du. "Bizi dugun krisi ekologiko eta sozialean, diskurtso zabal eta urrunekoak gure lurralde eta herrietan nola eragiten duten aintzat hartzea ezinbestekoa zaigu, eragile zein norbanako bakoitzak ditugun erantzukizunez jabetzeko eta ekintzetara pasatzeko". Testuinguru horretan, elikadura —ekoizpenetik kontsumoraino— ardatz funtsezkoa dela deritzo elkarteak, lan ildo estrategikoak barnebiltzen dituelako: "Elikadura osasuntsu eskuragarria bermatzea, nekazaritza jasangarria garatzea eta landa eremu biziak sustatzeko lehen sektoreko erreleboa edota nekazarien lanaren duintasuna bermatzea". 

Helburu horietara lankidetzaren bidetik bakarrik irits daitekeela uste du Biolurrek. “Guk elikadura osasuntsua sortzetik eta nekazaritza iraunkorretik heltzen diegu euskal jendarte bezala ditugun erronka horiei. Gainera, erronka horiei modu kolektiboan erantzun behar diegula uste dugu, eta horretarako lankidetzak eraikitzen jarraitu nahi dugu”. 

Elkartearen egunerokoa

Elkarteko eguneroko lana aurrera ateratzeko, hiru teknikari dituzte, eta horiez gain, baserritarren lan boluntarioa eta beste hainbat kideren laguntza ezinbestekoa. Denen  artean, lau lan lerro nagusi garatzen dituzte. Batetik, baserritarrei arloz arloko —baratzegintza, abeltzaintza, frutagintza, okintza....— aholkularitza teknikoa eta formakuntza eskaintzen diete. Bestetik, nekazaritza ekologikoaren aldeko sentsibilizazio lana egiten dute, ekoizpen eredu horren onuren berri emateko ekimenak antolatuta. Hirugarrenik, erakundeekiko harremanez arduratzen dira, baserritarren eta erakundeen arteko bitartekari lanak eta agroekologiaren aldeko apustu politikoa eginda. Eta azkenik, beste eragile eta erakunde batzuekin batera —EHKO, ENEEK-EKOLURRA NEIKER, Lurgintza...— arloz arloko proiektuetan hartzen dute, eta gazteei instalazio prozesuetan laguntza ere eskaintzen diete, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.

Bidelagunen beharra

Horretan jarraitu ahal izateko, ordea, babesa behar dute. "Elikadura burujabetza ardatz, ekonomia sozial eraldatzailea, tokikoa, jasangarria, gure lurrean eta herrietan errotua... ezaugarri horiek guztiak biltzen ditu gure jardunak. Badauzkagu ilusioa eta indarra bide hori egiteko, baina beharrezkoak ditugu bidelagunak". Eta horiek erakartzeko, Gure lurriña kanpaina abiatu dute. "Bazkidetza kanpainaren leloa hori da hain justu, Gure lurriña zabaltzea, gehitzea eta saretzea. Beraz, bazkide egiteko gonbidapenarekin batera, helburu horietan bidelagun izateko eskaintza ere luzatzen dugu. Eta herrietan garatu nahi den edozein proiektu edo ideiatan elkarlanerako prest gaituzue”.

Bazkide egiteko

Gure lurriña kanpainaren gaineko informazioa edota Biolurren bazkide egitea nahi dutenek hiru bide dituzte horretarako: biolur.eus webgunea, 943-76 14 47 telefono zenbakia, eta biolur@biolur.eus e-posta helbidea.