Zumaiako Haurren Kontseilua sortzeko asmoa du udalak

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 30a, 11:32
Argazkia: Zamudioko Umeen Kontseilua

9 eta 11 urteko hamalau haurrez osatuko da talde hau, hilean behin bilduko da, eta alkatetzaren aholkulari organo izaera edukiko du.

Zumaiako Haurren Kontseilua izeneko egitasmoa aurkeztu du Zumaiako Udalak. Kontseilu hau 9 eta 11 urte bitarteko herriko hamalau lagunez osatuko da, eta alkateari euren proposamenak eta aholkuak emateko sortuko da. Partaideak hilean behin bilduko dira –urtean behin alkatearekin zuzenean–, eta, udalak azaldu duenez, "tokiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia emango diete alkatetzari, pertsona helduei herrian egon daitezkeen arazoei buruzko aholkuak eta proposamenak emanez". Zumaiako Udalak talde horren proposamenak entzuteko eta baloratzeko konpromisoa hartu duela ere azpimarratu du.

Joan zen urrian Oinherri egitasmora eta Haurren Hiria sarera batu zen Zumaia. "Udalak 'Herri hezitzailea' izateko konpromisoa hartu zuen lankidetza hitzarmen horiekin. Haurrentzako eta haurrekin sortutako herri bat izatea suposatzen du horrek, haurren kulturaren aitortzatik abiatuta. Gainera, halako sareetan parte hartzeak haurraren ikuskera berri bat dakar: haurra etorkizuneko herritar edo etorkizuneko pertsona heldu moduan ikusi beharrean, eskubidedun herritartzat aitortzen da", azaldu du udalak..

Kontseiluaren eraketarekin, besteak beste, "umeen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak" martxan jartzea da Udalaren asmoa, eta, "haurrei ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea".

Zumaiako Herri Eskolako, Zumaiena Ikastetxeko eta Oikiako Eskolako 4. eta 5. mailako haurrak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera. "Parte hartu nahi dutenek eskolan adierazi beharko dute, eta guztien artean, zozketa bidez, hamalau laguneko taldea osatuko da. Hilean behin bilduko da taldea, eskola orduetan.

Zozketan ateratzen diren haurren familiekin harremanetan jarriko da udala, Solasgune enpresako dinamizatzailearekin batera kontseiluaren inguruko informazio bilera egiteko. Kontseilua urrian zehar eratuko da, eta urriaren 25ean egingo du lehenengo bilera.

Kontseiluan parte hartzen duten pertsonek beren ikuspuntu, interes eta behar partikularren berri emango dute, eta ez dute beste inor ordezkatuko, ezta eskola ere. "Hala ere, Kontseiluaren ondorioen berri eman ahal izango dute beren eskoletan". Urtero, taldeko zaharrenek (5. mailakoek) kontseilua utziko dute, beste batzuei lekukoa emanez. Aurtengoa lehenengo urtea izanik, 5. mailakoek ikasturte bakarra egingo dute kontseiluan.

Kontseiluaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, ane@solasgune.com posta elektronikoko helbidera idatzi dezakete interesdunek.