50 sarrera lortu ditu udalak Lucia Lacarrak Bilbon emango duen dantza ikuskizunerako

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 30a, 08:16

In the still of the night izenburua duen ikuskizun berria eramango du Lucia Lacarra dantzari zumaiarrak Bilboko Arriaga antzokira. Azaroaren 7an egingo den saiorako 50 sarrera lortu ditu Zumaiako Udalak herritarren artean zozkatzeko. Bilboko joan-etorrirako autobusa ere jarriko du. 

Gaueko bidaia bat planteatu dute Lacarrak eta Matthew Goldingek ikuskizun honetan. Dantza puruaren eta hausnarketa zinematografikoa uztartzen dituen lan honetan, oraina eta iragana nahastuko dira, bi pertsonaren gordeleku emozionalak askotariko ikuspegietatik argiztatuz. Hala, iraganeko gau batean gertatutakoa ikusten den bitartean, egungo errealitatea zerk eragin zuen jakingo da.

Azaroaren 7an aurkeztuko dute In the still of the night Bilboko antzokian, eta Udaleko Kultura Sailak 50 sarrera eskuratu ditu herritarren artean zozkatzeko antzokiarekin lortutako akordioari esker. Sarrerek 34 euro balio dute, baina talde izateagatik %25eko deskontua aplikatuko zaie, eta, azkenean, 25,5 euro ordaindu beharko dute. Horrez gain, joan-etorrirako doako autobusa jarriko du udalak. 

Ohiko sarreren salmenta gaur hasiko da, Arriagako bulegoetan. Zumaiako Udalak eskuratu dituen sarrerak nahi dituzten herritarrek, berriz, posta elektronikoko mezua bidali beharko dute kultura@zumaia.eus helbidera:

  • Mezuan jarri beharreko gaia: Azaroak 7 Arriagan-sarrerak.
  • Bakoitzak bi sarrera erosi ahalko ditu gehienez
  • Mezuak bidaltzeko epea: urriaren 2a (larunbata) edo sarrerak amaitu arte
  • Sarrerak e-mailak jaso ahala esleituko dira