XII. Flysch Traila

Hondakinak izango ditu hizpide Flysch Trailek hitzaldi sorta batean

Juan Luis Romatet 2021ko ira. 23a, 12:21
Zaborra Everesten.

Hurrengo igandean, urriaren 3an, korrituko da Zumaia Flysch Trail mendi maratoiaren hamabigarren edizioa. Aurten maratoiko eta maratoi erdiko distantziatan jokatuko da munduko rankinerako puntuagarria izango den mendi lasterketa.

Lasterketarako izen-ematea dagoeneko itxita dago: ehundik gora lagunek hartuko dute parte distantzia luzean, 42,8 kilomotrokoan; maratoi erdian –22,2 kilometro–, berriz, 600dik gora korrikalari izango dira.

Kirol ekitaldiekin batera, hitzaldi sorta ere prestatu du lasterketaren antolakuntza taldeak. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an egingo dira hitzaldiak Zumaiena ikastetxeko aretoan, 19:00etatik aurrera. Hondakinen inguruan arituko dira hizlariak hiru saioetan.

Irailaren 30ean, ostegunean, izango da lehen hitzaldia, Zaborrak itsasoan izenburupean. Hizlariak EHUko irakasle Cristina Peña eta Azti zentro teknologikoko kide Oihane Cabezas izango dira.

Egun bat geroago, urriaren 1ean, ostiralean, Zaborrak espazioan hitzaldia eskainiko dute Antonio Jimenez eta Roke Cepeda astrofisikoek.

Amaitzeko, urriaren 2an, larunbatean, Zaborrak goi mendiko kanpamenduetan hitzaldia entzuteko aukera izango da Zumaienan. Flysch Trailaren lagun diren bost lagunek eskainiko dute saioa: Sebastian Alvarok, Juanjo San Sebastianek, Juanito Oiarzabalek, Josu Bereziartuak eta Amaia Aranzabalek.