Emakumezko bat erreskatatu dute Itzurungo hondartzako harraldetik

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 22a, 18:23

Ertzaintzak jakinarazi du hanka batean hartu duela min, eta bere kordean egon arren, ospitalera eraman dute anbulantzian.

Gaur arratsaldean 32 urteko emakumezko bat erreskatatu dute Itzurungo hondartzako harraldean, olatu batek haitzen kontra kolpatu eta zauritu ondoren. Ertzaintzak jakinarazitakoaren arabera, larrialdi zerbitzuak berehala gerturatu dira lekura, eta helikopteroz atera dute zauritua harraldetik. Ez dute zehaztu zehazki harraldeko zer puntutan izan den ezbeharra, baina helikopteroak hainbat buelta egin ditu Inpernupe eta Itzuruntxiki artean.

Dirudienez, hanka batean hartu du min, baina bere kordean zegoen. Hala eta guztiz, anbulantzian eraman dute ospitalera. Santiagoko hondartzako arranparen parean hartu du lur helikopteroak, anbulantziarengana gerturatzeko.