Zazpi kasu positibo baieztatu ditu Osasun Sailak eskualdean, horietatik bat Zumaian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 21a, 13:30

Lau positibo hauteman dituzte guztira azken astean. Positibotasun tasa % 2tik beherakoa da Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu ditu atzo, astelehena, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Txostenaren arabera, Urola Kosta eskualdean, zazpi kasu positibo baieztatu dituzte. Zumaian kasu bat detektatu zuten –lau positibo atzeman dituzte azken zazpi egunetan–, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du: 111,94an. Eremu horian dago Zumaia gaur gaurkoz.

Azkoitian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: lau, guztira. Intzidentzia tasa, ordea, berdin-berdin mantendu da han, 191,94ko tasarekin. Azkoitiko lau positiboez gain, kasu bana zenbatu dute Orion eta Zestoan. Orion, 130,46ko intzidentzia tasarekin jarraitzen dute –atzoko bera–; Zestoan, 128,40koa da –atzo 102,72koa zen–

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik atzeman. Intzidentzia tasei dagokienez, behera egin dute Azpeitian eta Zarautzen; Azpeitian 236,53ko zenbatekoa dute egun eta 132,78koa Zarautzen. Aian –957,18– eta Getarian –35,34– atzoko kopuru berdinean mantendu dira datuak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean dute intzidentzia tasa.

100eko langara hurbiltzen

Intzidentzia tasa 100eko langara hurbiltzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, 115,79koa da gaur zenbatekoa. Hego Euskal Herrian 145 kasu positibo zenbatu zituzten atzo; horietatik 57 Bizkaian hauteman zituzten, 45 Gipuzkoan, 26 Nafarroan eta 11 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei lagunek ere eman zuten positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.723 proba egin zituzten atzo, eta beraz, positibotasun tasa %1,8koa da. Nafarroan, aldiz, 2.027 proba egin zituzten, eta hori horrela, positibotasun tasa %1,3koa da.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo hamasei lagun ospitaleratu zituzten; egun, 114 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino hamar lagun gutxiago. ZIUn, ostera, 50 herritar daude gaixorik, atzo baino bi gutxiago. Nafarroan, bestalde, atzo hiru pertsona ospitaleratu zituzten, eta gaur-gaurkoz 45 dira Nafarroako erietxeetan dauden herritarrak. ZIUn, aldiz, hamabi lagun daude.