Zumaiarren doinuak

Nagore Sanchezen doinuak

Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 09:00

Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Nagore Sanchezen txanda da orain. Ikaslea, saxofoia jotzen du Zumaiako Musika Bandan, eta haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu.

Inoiz ez da lan erraza gustukoen dituzun gauzen zerrenda bat egitea, eta are zailagoa da bost abesti besterik ez aukeratzea. Hala ere, asko gustatzen zaizkidan eta niretzat nolabaiteko esanahi berezia duten abestiak aukeratzen saiatu naiz.

1. Idoia eta Eñaut Elorrieta – 25. artikulua 

Abesti hau lehen aldiz entzun nuenean barrena astindu zidan eta arratsalde hartan behin eta berriro entzun nuen, etengabe. Mezu benetan ederra dauka. Azkenaldian egin diren abesti politenetako bat dela iruditzen zait. Gainera, niretzat oso garrantzitsuak diren bi lagunekin lotzen nau.

2. Black Sea Dahu – No fire in the sand 

Talde hau Instagrameko iragarki batean agertu zitzaidan eta nik, agertzen zaizkidan gehienekin egiten dudan moduan, Spotifyra jo eta pare bat abesti entzun nituen. Besteek ez zuten zerbait zeukan talde honek, ordea. Gaur egun nire talde kuttunetako bat dela esango nuke, aurikularrak jantzi eta bolumena igotzean barrena betetzen didanetakoa.

3. Benito Lertxundi – Baldorba

Benitok eta, zehazki, Baldorbak etxera eramaten naute zuzen-zuzenean. Amak asko maite du abesti hau eta beti jartzen zigun, txiki-txikitatik. Gaur egun lau haizetara kantatzen dugu familia osoak kotxean entzuten dugunean. Horixe da abesti hau niretzako, etxea, familia. Are esanahi bereziagoa du orain, etxetik urrun egonda.

4. Pomme – Soleil soleil 

Lagun batek gomendatuta hasi nintzen Pommeren musika entzuten eta lehen momentutik maitemindu nintzen. Bere edozein abesti jar nezake hemen, baina hauxe aukeratu dut. Abesti ia osoan zehar gitarra eta bere ahotsa besterik ez daude, ez baitu gehiago behar bere musikak.

5. Chica Sobresalto – Melatonina

Asko gustatzen zait Maialenen musika, entzun nuen lehen unetik. Letrak oso bereziak iruditzen zaizkit, oso pertsonalak. Abesti honen harmonia eta produkzioa hipnotikoa iruditzeaz gain, hitzetan neure burua eta nire sentimenduak ikusten ditut, horregatik dut horren gustuko.